Gene bat manipulatuta espezie baten portaera beste batera transferitzea lortu dute
2025/08/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gene bat aldatze hutsarekin, fruta-euli espezie baten portaera beste espezie batek bere egitea lortu dute Japoniako ikertzaile-talde batek. Zehazki, Drosophila melanogaster fruta-euli ezagunak Drosophila suboscura espeziearen gorteiatzea bereganatu du, neuronetan intsulina ekoizten duen gene bat aktibatzean. Science aldizkarian argitaratu dute esperimentua, eta gene bakarraren manipulazioz portaera-transferentzia frogatzen den lehen adibidea da.
Naturan, fruta-euli ar gehienek hegoen bidez sortzen duten soinua erabiltzen dute gorteiatzeko. Nolabait, abestiak sortzen dituzte emearentzat. Drosophila subobscura-k oso estrategia desberdina garatu du: arrak janaria berriz ahora ekarri, eta emeari opari gisa eskaintzen dio gorteiatzean.
D. melanogaster eta D. subobscura duela 30-35 milioi urte inguru banandu ziren eboluzioan. Biek dute gene jakin bat, arren gorteiatze-portaera kontrolatzen duena, baina estrategia desberdinak garatu dituzte: lehenak abestu egiten du, eta besteak opariak eman. Ikertzaileek desberdintasun horren arrazoia argitu zuten: D. subobscura-n, intsulina ekoizten duten neuronak gorteiatzearen garuneko kontrol-zentrora konektatzen dira; D. melanogaster-en, aldiz, neurona horiek deskonektatuta jarraitzen dute.
Esperimentuan, gene hori aktibatu zutenean D. melanogaster-en, zelulek proiekzio neuronal luzeak sortu zituzten eta gorteiatzearen zentroarekin konektatu ziren. Horrela sortu zen, lehen aldiz, D. melanogaster opariak egitera eramango zuen zirkuitu neuronala.
Ikertzaileen esanean, aurkikuntzak adierazten du portaera berrien bilakaerak ez duela nahitaez neurona berriak sortzea eskatzen.Hain zuzen, aurretik existitzen diren neurona gutxi batzuetan aldaketa genetiko txikiek portaera aldaraz dezakete, eta, azkenik, espezieen bereizketan lagun dezakete.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia