}

Garunen sexuak

2014/11/24 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Ikerketa ugarik erakusten dute emakumeen garunak eta gizonenak ez direla berdinak. Are gehiago: haietako askoren arabera, desberdintasun horiek dira batzuek eta besteek portaeran dituzten diferentzien jatorria. Hori iradokitzen zuen ikerketeta zabalenetako bat otsailean argitaratu zen, Neuroscience and Biobehavioral Reviews aldizkarian.

Gaiari buruz azken hogei urteotan egindako ikerketak aztertuta, ikertzaileek ondorioztatu zuten alde nabarmenak daudela emakumeen eta gizonen garunen egitura batzuen bolumenetan; bereziki, hizkuntzarekin lotutako eremuetan eta sistema linbikoan: lehena garatuago dago emakumeetan, eta bigarrena, gizonetan.

Ikertzaileei aldea esanguratsua iruditu zitzaien, eta adierazi zuten aurrerantzean ezingo dutela jokatu diferentziarik ez balego bezala, batez ere, gaixotasun psikikoak ikertzean, gaitz jakin batzuen intzidentzian alde handia baitago sexuaren arabera.

Dena dela, ikertzaileek “baina” batzuk gehitu zituzten ondorioetan. Bat, ezin zutela jakin zenbateraino diren diferentzia horiek jaiotzetikoak eta zenbateraino kulturalak edo gerora hartuak. Bi, ikerketetan ez zituztela gazteak eta haurrak sartu, eta, beraz, ondorioak helduetara mugatzen direla. Hiru, beharrezkoa dela gehiago ikertzea, ondorio sendoagoak izateko.

Orain, “baina” horiek nabarmenduz idatzi du beste ikertzaile batek, Cordelia Fine piskologoak, Science aldizkarian. Dioenez, arloko ikerketa askok, nahita edo nahi gabe, ez dituzte “baina” horiek aintzat hartzen, eta estereotipo sexistak indartzeko baino ez dute balio. Neurosexismoa deitu dio horri. Horren aurrean, "baina"-k bukaerako oharretan sartu beharrean, ikerketen abiapuntu izatea proposatzen du Finek. Horrela, seguru asko, emaitzak ez dira hain biribilak izango; bai zorrotzagoak, ordea.

Berria egunkarian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia