}

Garuneko seinaleak hitz

2010/09/25 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Garuna gizakiok dugun organorik boteretsuena da, eta haren funtzionamendua ezagutzeko ahaleginek ez dute etenik. Egia da oraindik ere misterio ugari daudela argitzeko, baina egia da, baita ere, duela urte batzuk zientzia-fikzioa zena jada errealitate dela zenbait esparrutan. Bide horretan, hain justu, garuneko seinaleak hitz bihurtzeko ametsa erdiesten lagun dezakeen urrats garrantzitsu baten berri izan dugu oraingoan.
Garuneko seinaleak hitz bihurtzeko, garunean mintzamenarekin erlazionatutako eremuetan mikroelektrodoak ezartzen dituzte. Sistema ordenagailu batera konektatzen dute gero.
Kai Miller/Washingtoneko Unibertsitatea

Orain bi urte, Bostongo Unibertsitateko ikertzaileek esperimentu bat aurkeztu zuten; ahots-sintetizagailu baten bidez, muskuluak mugitzeko ezintasuna duen pertsona batek pentsatutako bokalak esatea lortu zuten. Ordura arte, era horretako ikerlan gehienak garuna eta mugimendua lotzean oinarritu ziren, eta hura izan zen, ziurrenik, mintzamenarekin egin zen lehenbizikoa.

Orain Utahko Unibertsitatetik iritsi zaigun berriak, dena den, Bostongo ikerketa hura nolabait atzean utzi duela esan liteke. Izan ere, bokalez harago, pertsona batek pentsatutako hitzak ordenagailu batean idazteko gai izango litzatekeen metodo bat garatu dute. Paralisi larria duten pertsonek pentsamenduen bitartez hitz egiteko bidean “lehenengo urrats serio” gisa definitu dute batzuek. Journal of Neural Engineering zientzia-aldizkariak eman du berria.

Hamar hitz

Ikertzaileek garunean mintzamenarekin erlazionatutako eremuetan 16 mikroelektrodoz osatutako bi sare (botoi baten neurrikoak) ezarri zizkioten gizon bati. Boluntarioak epilepsia-krisi larriak izaten ditu, eta aldez aurretik kraneotomia bat egin zioten (garezurraren atal bat aldi baterako erretiratu zioten). Hartara, medikuek elektrodoak ezartzeko aukera izan zuten, atakeen jatorria aurkitu, eta kirurgikoki eteteko.

Bi elektrodo-mota bereiz daitezke irudian. Ikerketan baliatutako 16 mikroelektrodoz osatutako bi sareak, adibidez, botoi baten neurrikoak dira errealitatean. (Argazkia: Utahko Unibertsitatea ) .

Elektrodoak garezurraren azpian eta burmuinaren gainean ezarri zituzten. “Baina garunean barneratu gabe”, argitu dute ikerlariek. Izan ere, kalte itzulezinak sortzeko aukera oro ekidin nahi izan dute.

Pazienteari hamar hitz behin eta berriz irakurrarazi zizkioten. Eta, mikroelektrodo esperimentalak baliatuta, hitz haietako bakoitza irakurtzen zuen guztietan haren garunak bidaltzen zituen seinaleak erregistratu zituzten. Hautatutako hitzak hauek ziren: bai , ez , bero , hotz , gose , egarri , kaixo , agur , gehiago eta gutxiago .

Ondoren, garunak hitz bakoitza irudikatzeko zein seinale igortzen duen asmatzen saiatu ziren. Boluntarioak “bai” eta “ez” hitzak esan nahi zituenean, haren garunak bidalitako bi seinaleak alderatu zituzten, adibidez. Bada, azaldu dute seinale bakoitza zuzen interpretatzeko gai izan zirela kasuen % 76 eta 90 artean.

Aldi berean hamar seinaleen patroiak behatzean, berriz, asmatzeak % 28-40 artekoak izan ziren; emaitza prozedura zoriz eginez gero lortutakoa baino lau aldiz hobea da (% 10 izango litzateke zorizkoa). “Baina ez da nahikoa pertsona paralizatu baten pentsamenduak ordenagailu bidez hitz bihurtzeko gailu batentzat”, aitortu du ikerlanaren arduradunak.

(Argazkia: Spencer Kellis, Utahko Unibertsitatea ) .

“Hau kontzeptu-proba bat da —erantsi du—. Egiaztatu dugu norbait pentsatzen ari dena esan diezaguketela garuneko seinaleek, kasualitatea baino askoz harago joanda. Argi dugu, baina, egiaz erabilgarria izatera iritsi aurretik, hitz gehiago, eta doitasun handiagoarekin, sortzeko gai izan beharko dugula”.

“Pentsamendua irakurtzeko” metodoa lagungarria izan liteke garuneko isuriek eragindako paralisiak, Lou Gehrig gaitza edo traumatismo larriak pairatzen dituztenentzat. Begietako keinu edo eskuen mugimendu ahulen aldean, aurrerapauso handia izango litzateke haien autonomiari dagokionez.

Ziurrenik, hori bai, bideak luze joko du. Prozedura asko hobetu eta doitu beharko da lehenik. Hori da, oraingoz, ikerlarien lehentasuna.

Ortzadar-en argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia