Iowan egindako ikerketan gako izan dira Urbach-Wiethe gaixotasuna duten pazienteak. Oso gaixotasun arraroa da; gaixoei amigdala lehortu eta gogortu egiten zaie, eta, horren ondorioz, ez dute inolako erantzunik izaten gainerakoentzat beldurgarriak diren estimuluen aurrean. Alabaina, guztiek espero zutenaren aurka, ikerketan izutu egin ziren.
Esperimentuan, paziente horiez gain, boluntario osasuntsuek ere parte hartu zuten. Ikertzaileek maskara bana jarri zieten, eta % 35 karbono dioxidoa zuen airea eman zieten arnasteko (CO2-kontzentrazioa odolean igotzeak izua eragiten du). Haien harridurarako, pazienteek benetako izua erakutsi zuten, boluntario osasuntsuek baino are handiagoa.
Horrenbestez, orain arte bestela uste bazen ere, amigdala ez da beldurraren mekanismoa pizteko arduradun bakarra. Ikertzaileek adierazi dutenez, lanean jarraitzeko asmoa dute, amigdalarekin zerikusirik ez duten beste mekanismoak zein diren argitzeko.Galarraga Aiestaran, Ana
Elhuyar Zientzia