Garun txiki bat egin dute laborategian
2013/09/06 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Giza zelula ametatik abiatuta garun txiki batera hurbiltzen den egitura bat sortzea lortu dute Austriako eta Erresuma Batuko ikertzaileek. Naturen argitaratu duten artikuluan garun-organoide deitu diote egitura horri, eta artifizialki sortutako garun bat izatetik oso urrun dagoen arren, benetako garunak dituen egituren antzekoak badituela azaldu dute. Nolabait, bederatzi hilabeteko fetu baten garunaren antzekoa da.
Hori egiteko, lehenengo zelula ama enbrionarioak hazi zituzten, ehun konektiboa imitatzen duen gel sintetiko batean. Gero, biorreaktore batean sartu zituzten, mugimenduan, ehunetara elikagai eta oxigeno nahikoa irits zedin. Hala, pixkanaka, zelulak ugaritu, eta ehunak osatu zituzten, ‘garuntxoak’ garatu arte. Odol-hodirik ez dute garatzen, eta, ikertzaileen esanean, hori izan daiteke gehiago ez haztearen arrazoietako bat. Izan ere, hiru milimetroko diametroa hartzen dute gehienera, bi edo hiru hilabetez hazi ondoren. Hala ere, biorreaktorean denbora luzez irauten dute: zaharrenek ia urte bete dute dagoeneko.
Garunaren eredu gisa erabiltzeko oraindik mugatuak diren arren, erabilgarriak izan daitezke animalia ereduetan ikertzeko zailak diren gaixotasunak aztertzeko. Adibidez, dagoeneko balio izan die mikrozefalia gaitzari buruz zerbait gehiago jakiteko.
Garuna eta burua normala baino gutxiago haztea eragiten duen gaitz neurologiko bat da mikrozefalia. Gaixotasun hori duten pertsonen azaleko zelulak birprogramatuta zelula ama induzituak lortu, eta haietatik abiatuta garun-organoideak egin zituzten ikertzaileek. Eta gauza bera egin zuten pertsona osasuntsuen zeluletatik abiatuta, aurrekoekin konparatu ahal izateko. Ikusi zuten gaixoen zeluletatik abiatuta egindako ‘garuntxoak’ gutxiago hazten zirela. Gainera ondorioztatu dute zelula aitzindari batzuk azkarregi heltzen direlako gertatzen dela hori, horrek ehunen hazkuntza behar baino lehen gelditzea eragiten duelako.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia