}

Gameluen itzala basamortuan

2001/04/04 Elhuyar Zientzia

Argazkian gameluen itzalak ikusten dira ... Edo dromedarioenak dira? Askotan, bi animalia horiek nahasi egiten ditugu eta ez dugu oso argi zeinek dituen bi konkor eta zeinek bat. Egia esan, nahastea erraza da, nola konkor batekoa hala bikoa Camelus generokoak baitira, are gehiago, genero horrek dituen bi espezie bakarrak dira. Dromedarioak konkor bakarra du eta bere izen zientifikoa Camelus dromedarius da; gamelua (Camelus bactrianus) bi konkor dituena da.

Biak ere ugaztun hausnarkari handiak dira eta Afrikako eta Asiako lurralde askotan zamabere edo gurdi-abere moduan erabiltzen dira. Hanka luzeak dituzte eta beren oin zabalak hondar berotan eta elur gainean ibiltzeko aproposak dira. Bularrean eta belaunetan kuxinak dituzte, belaunikatzen direnean gorputzaren pisuari eusteko, eta korrika egiteko era berezia dute. Basamortuko hondar-ekaitzetatik babesteko, begietan bi betile-ilara, sudurzuloak ixteko ahalmena eta belarrien sarrera iletsua dute.

Gameluen eta dromedarioen arbasoak Ipar Amerikan sortu ziren duela 40 milioi urte inguru eta orain dela milioi bat urte zabaldu ziren Hego Amerikara eta Asiara. Gero beren jatorrizko lurraldean desagertu egin ziren eta hego-hemisferioan besterik ez daude familia horretako espezieak (guanakoa, llama, bikuina eta alpaka).

Camelus generoko espezieak, aldiz, Asian eta Afrikan daude. Gamelua, hau da, bi konkor dituena, Turkistandik Mongoliara bitarteko lurralde garaietan bizi da eta aspalditik zama garraiatzeko erabiltzen dute. Lurretik konkorrera bi metro luze da eta egunean 50 km ibil daiteke gainean zama duela.

Dromedarioak Afrikaren iparraldean, Ekialde Ertainean eta Indian animalia arruntak dira. Batez ere zamak garraiatzeko erabiltzen dituzten arren, haien ilea, esnea, haragia eta larrua ere aprobetxatzen dira. Gameluak baino gorputz arinagoa eta hanka luzeagoak dituzte, ile gutxiago eta konkor bakarra. Gainera, korrika egiten azkarragoak dira.

Bai dromedarioak bai gameluak beste espezieentzat jangarriak ez diren landareak jan ditzakete. Janari asko dutenean, konkorretan gantza pilatzen dute eta, egoerak okerrera egiten duenean, handik lor dezakete behar duten energia eta ura. Horretaz gain, beren gorputzak oso ur gutxi galtzen du eta ur-eskasia dagoenean, denbora asko iraun dezakete edan gabe. Deshidratazioagatik beren pisuaren % 25 galduta ere, bizirik irauteko gai dira.

Dromedarioak munduko beste toki askotara eraman dituzte, esate baterako, XIX. mendaren erdialdean Australian sartu zituzten. Gaur egun, Australiako eremu isolatuetan 25 mila inguru bizi dira era basatian.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia