}

Galileo zundaren azkeneko abenturak

2001/03/20 Astobiza, Amaia

Galileo Jupiter planetaren inguruan biraka ari den zunda da. 1989an aireratu zuten eta duela bost urtetik hona dago planeta erraldoiaren orbitan. NASAk adierazi duenez, datozen hilabeteotarako prestatu dizkioten zereginak egingo dituen azkenak izango dira.

Proiektu berria 9 milioi dolar kostatuko da eta 2003ko abuztuan bukatuko da. Hilabete horretan, zundari Jupiterren atmosferara joateko agindua emango zaio eta, bertara iristean, suzko baloi gisa desintegratuko da. Baina betiko desagertu aurretik, Jupiterren hainbat ilargi behatu beharko ditu.

Aurtengo maiatzaren 25ean, Kalisto satelitetik 123 kilometrora hegan egingo du. Maniobra hori oso garrantzitsua izango da; izan ere, Kalistoren grabitatearen eraginez, zundaren ibilbidea aldatu egingo da eta, hartara, abuztuan eta urrian Io ilargi bolkanikoaren eskualde polarren gainetik hegan egin ahal izango du. Hegaldi horretan, Galileo- k Io ilargiaren argazkiak atera eta hauts-partikulak aztertuko ditu. Behaketa horren bidez, ilargiak bere eremu magnetiko propioa sortzen ote duen jakin nahi dute zientzialariek. 2002. urtetik aurrera, ostera, Galileo zunda ez da argazkiak ateratzeko gai izango. Hala ere, beste zazpi tresnaren bidez Jupiterren eremu magnetikoa aztertzen jarraituko du. 2002ko urtarrilean berriro ere Kalisto satelitetik hurbil igaroko da, ekuatoretik gertu. Ondoren, urte bereko azaroan, Jupiterrera asko hurbildu eta Amaltea ilargitik 500 kilometro ingurura igaroko da. Kasu horretan, ilargiaren masa eta dentsitatea aztertuko ditu; orain arteko ikerketen arabera, Amaltea Io baino hamar aldiz txikiagoa da. Azkeneko orbita horri esker, 2003ko abuztuan Jupiter planeta erraldoiaren aurka joko du eta, planeta horren atmosferan, Galileo zunda erre egingo da.

Zundaren suntsitzea Ikerketarako Kontseilu Nazionalak gomendatu du. Dirudienez, aireratu aurretik ez zuten esterilizatu; beraz, nahigabe Europa ilargiaren aurka joz gero, satelite horretan kutsadura biologikoa sortzeko arriskua omen dago. Hori gertatuz gero, NASAren beste proiektu bat hankaz gora gera liteke. Izan ere, satelite horretan bizitzarik ote dagoen aztertu nahi dute zientzialariek. Antza denez, Europako izotz-geruza sendoaren azpian itsaso likidoa dago eta, aztertu ahal izateko, beharrezkoa da likidoa jatorrizko egoeran mantentzea.

NASAko arduradunak oso pozik eta harro agertu dira Galileo -k orain arte egindako lanaz, orbitan egin dituen urteetan oso ongi bete baitu bere egitekoa. Beste aurkikuntza batzuen artean, Galileo -ren bidez, Io ilargian aktibitate bolkanikoa dagoela frogatzen duten ebidentziak aurkitu ziren. Horretaz gain, 2000. urteko abenduan, Saturnorako bidean zihoan Cassini espazio-ontziarekin bat egin zuen eta, bien artean, sistema jobianoa eta haren inguru magnetikoa behatu zituzten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia