Gaixotasun infekziosoak, zaharrak berri
2001/05/01 Arrese, Elixabete | Basaras, Miren - Mikrobiologiako Irakasle Titularra Iturria: Elhuyar aldizkaria
Mikroorganismo berri horien artean HIESA sortzen duen giza immunoeskasiaren birusa (GIB) dago eta berriz agertu diren mikroorganismoen artean, berriz, kolera epidemikoa edo tuberkulosia daude. Hori guztia dela-eta, liburu eta artikulu ugari kaleratu dira eta aldizkari berri bat ere argitaratu da mikroorganismo horiei buruzko informazioa hedatzeko, Emerging Infectious Diseases aldizkaria.
Aurkitu berri diren mikroorganismo patogeno gehienak giza gaixotasunen eragileak dira. 1. taulan hogei urteotan aurkitutako mikroorganismo berriak bildu dira, noiz aurkitu ziren, zein motakoak diren eta zein gaitz eragiten duten adieraziz. Ikusten denez, gehienak birusak dira, baina badaude zenbait bakterio eta bai prioiak ere.
Mikroorganismo batek eragiten duen kalteari gaixotasun infekziosoa sortzeko patogenia edo patogenotasun deritzo. Patogenia triangelu moduan irudikatzen da eta erpin bakoitzean ostalaria (gizakia), ingurunea eta mikroorganismoa kokatzen dira. Hiru osagai horien elkarrekintzak gaixotasuna sorraraziko du gizakiarengan.
Horretarako, beharrezkoa da mikroorganismoa bera agertzea, kutsatzeko baldintza egokiak egotea eta mikroorganismoak ostalariaren defentsa-mugak gainditzea.
Zergatik sortzen dira mikroorganismo berriak?
Aurkitu berri diren mikroorganismoak hedatzeko eta gaixotasuna sorrarazteko eragile asko daude, baina gehienak populazioaren hazkundearekin eta haren munduan zeharreko mugikortasunarekin erlazionatuta daude.
Jendea munduan zehar ibiltzeak mikroorganismoa hedatzea dakar, lurralde batzuetan endemikoak edo bertakoak diren mikroorganismo eta gaixotasun batzuk beste lurralde batzuetara eraman ditzaketelako. Horren adibide dira, Afrikako paludismoa, Hong Kong-eko gripea eta New York-en orain bi urte agertu zen Mendebaldeko Niloko birusa.
Mendebaldeko Niloko birusa endemikoa da Europan, Afrikan eta Asian eta hegaztiei erasotzen die batik bat. Ipar Amerikan ez zen existitzen, baina, ustez, norbaitek kutsatutako hegazti bat eraman zuen New York-era eta birusak milaka hegazti eta 9 pertsonen heriotza eragin zuen. Gaur egun, birusak han dirauela uste dute eta Amerikako beste eskualdeetara zabalduko den beldur dira.
Beraz, gizakien joan-etorriez gain, animaliak garraiatzea gaixotasunak hedatzeko bidea izan daiteke. Hor daude, besteak beste, tximinoei esker garraiaturiko Marburg edo Ebola birusa. Tximinoen bidez, birusa Afrikatik Alemaniara eta Estatu Batuetara garraiatu zen. Izan ere, patogenoek ez dituzte nazioen mugak errespetatzen.
Bestalde, populazioaren hazkuntzak (gainpopulazioak) eta zahartzeak, higiene-arazoek eta saneamendu-azpiegitura desegokiek mikroorganismoak hedatzen laguntzen dute.
URTEA | ERAGILEA | GAIXOTASUNA |
1980 | I motako giza birus linfotropikoa | T zelula helduen linfoma/leutzemia |
1982 | II motako giza birus linfotropikoa | Ez-ohiko T zelulen leutzemia |
1982 | Borrelia burgdorferi | Lyme gaixotasuna |
1983 | Giza immunoeskasiaren birusak (GIB-1, GIB-2) | Harturiko immunoeskasiaren sindromea |
1983 | Helicobacter pylori | Gastritisa, ultzera gastrikoa |
1983 | Escherichia coli 0157:H7 | Kolitis hemorragikoa |
1988 | Giza herpesaren birusa 6 | Bat-bateko exantema (haur-erroseola) |
1989 | Ehrlichia spp. | Giza erlikiosia |
1989 | C hepatitisaren birusa | Bide Parenteralez transmitituriko |
1990 | Giza herpesaren birusa 7 | Bat-bateko exantema, pitiriasia |
1990 | E hepatitisaren birusa | Gorozkien bidez transmitituriko |
1991 | F hepatitisaren birusa | Ez- A ez- B hepatitis larria |
1992 | Vibrio cholerae 0139:H7 | Kolera epidemikoa (andui berria) |
1992 | Bartonella henselae | Baziloen bidezko angiomatosia |
1993 | “Izenik gabeko” birusa | Hantabirusak sorturiko |
1993 | G hepatitisaren birusa | ez-A ez-C hepatitisa ? |
1994 | Sabia birusa | Sukar hemorragiko brasildarra |
1994 | Giza herpesaren birusa 8 | Kaposi sarkoma |
1995 | Hendrabirusak | Meningitisa, entzefalitisa |
1996 | Prioiak (Behien entzefalopatia espongiformea ?) | Creutzfeldt-Jakob gaixotasunaren |
1997 | A influenzaren birusa (H5N1) | Gripea (Hong Kong) |
1997 | 71 Enterobirusa (EV71) | Entzefalitis epidemikoa |
1997 | Transfusioen bidez transmitituriko birusa (TTV) | ez-A ez-G hepatitisa ? |
1998 | Nipahbirusa | Meningitisa, entzefalitisa |
1999 | A influenzaren birusa (H9N2) | Gripea (Hong Kong) |
1999 | Mendebaldeko Niloko birusa (1 mota) | Entzefalitisa (New York) |
2000 | PMV birusa | ? |
Adibidez, E hepatitisaren birusa gorozkien bidez transmititzen bada ere, gorozkiek ura kutsatzen badute, ura ere infekzio-iturri bilakatzen da. Gauza bera gertatzen da beste gaitz askorekin eta horregatik da ura lehen mailako infekzio-iturri: mundu osoan 5 milioi pertsona hiltzen dira urtero ur kutsatuetan dauden mikroorganismo patogenoen eraginez.
Aldaketa ekologikoak ere oso kontuan hartzeko faktoreak dira, lurraren erabileran eragindako aldaketek (baso-soiltzea eta baso berritzea) ingurunea eta mikroorganismoen gordelekua aldatzen dutelako. Esate baterako, Estatu Batuetako ekialdean egindako baso-soiltzeak eta ondorengo baso-berritzeak baso desberdin bat sortu zuen eta han oreinen populazioak gora egin zuen. Baina gizakien, saguen, oreinen eta akainen hurbiltasunak Lyme deritzon gaixotasuna agertzea egin zuen 1982an. Geroztik gaitza hedatu egin da eta gaur egun Lyme gaixotasuna hemen ere badago. Estatu Batuetan ere 1993an “izenik gabeko” birusa agertu zen, biriketako sindrome larria sorrarazi zuena. Birusa etxebizitzetan karraskarien ez-ohiko agerpenarekin lotuta zegoela ikusi zen.
Ikusten zailagoa bada ere, zainketa medikoen aldaketak mikroorganismo berria agertzea ekar dezake. Protesiak eta kateterrak gero eta gehiago erabiltzeak eta medikamentu immunosupresoreen erabilera areagotzeak (transplante eta minbiziaren kasuan) mikroorganismo oportunista gehiago sortzea eta gaixotasuna arinago agertzea eta bortitzagoa izatea dakar.
Horrez gain, aurrerapen teknologiko eta industrialak ere zaindu egin behar dira. Esate baterako, elikagaien prestakuntzan eta kontserbazioan erabilitako teknologia berriek mikroorganismoen segurtasunean ustekabeko ondorioak izan ditzakete, eta ongi erabiltzen ez badira, kutsaturiko elikagaien bidezko infekzio berriak sor ditzakete; adibidez E. coli O157:H7 bakterioak sorturiko kolitis hemorragikoa ondo egin gabeko hanburgesetan aurkitu zen lehen aldiz. Edota hain larria bilakatu den behi eroen gaitza. Izan ere, Britainia Handian animalien hondakinetatik abereen pentsua lortzeko erabili diren desinfekzio-prozedura desegokiek ahalbidetu dute ardien scrapie gaixotasuna abelgorrietara egokitzea, behien entzefalopatia espongiformea sortuz. Badirudi azken hori gizakian agertzen den Creutzfeldt-Jakob gaixotasunaren aldaera berriarekin erlazionatuta dagoela.
Azkenik, mikroorganismoen moldaketa eta aldaketa genetikoek patogeno berriak sor ditzakete. Mikroorganismoak medikamentuekiko erresistente bilakatzeko eta aldaketa antigenikoak sortzeko gai dira. Aldaketa antigeniko horien eraginez, batean mikroorganismo horiek hiltzeko gai diren antigorputzek ez dute hurrengoan balioko, mikroorganismoak egin dituen aldaketen ondorioz antigorputza ez delako hura ezagutzeko gai. Hori dela-eta jatorrizkoarena ez bezalako portaera duten mikroorganismoak sor daitezke. Esate baterako, Hong Kong-en 1997an eta 1999an sorturiko A influenza birusek gripe-arazo larriak sorrarazi zituzten.
Dena dela, mikroorganismo berriak aurkitzeko oinarrizko ikerketa eta azterketa klinikoak nahitaezkoa dira eta horiek diagnostiko, terapia eta txertoen garapena erraztu egiten dute.
Zer egin daiteke mikroorganismo berri horien kontra?
Aurkitu berri diren mikroorganismoak eta horiek sorrarazitako gaixotasun infekziosoak etengabeko mehatxua dira mundu osoarentzat, gaixotasun batzuk txerto eta medikamentuei esker kontrolatuak izan arren, beste berri batzuk sortzen direlako. Horregatik, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) prebentzio-estrategia bat kaleratu du gaixotasun infekzioso berri horiek kontrolatu nahian. Estrategia horren helburuak hurrengoak dira:
- Zainketa eta erantzuna: aurkitu berri diren mikroorganismoen zainketa indartu, haiek sorturiko gaixotasunak aztertu eta agerpen horretan eragina duten faktoreak ikertu.
- Ikerketa aplikatua: gaixotasun infekzioso berriak identifikatzeko eta ulertzeko tresnak garatu, gaixotasun kronikoen arrisku-eragileak mugatu, eta prebentzio- zein kontrol-estrategiak garatu eta ebaluatu.
- Azpiegitura eta hezkuntza: helburuak nazioarteko laborategien ahalmena handitzera bideraturik daude, gaixotasun infekzioso berriak zein diren bai klinikoki bai epidemiologikoki lehenbailehen ezagutu eta komunikatu ahal izateko, eta gaitzari ahal bezain azkar erantzun ahal izateko.
- Prebentziorako eta kontrolerako nazioarteko ahalmena indartu: helburu honekin, osasun-zainketan laguntzeko eta mikroorganismoen transmisioan errazten dituzten jokaerak aldatzeko estrategia berriak garatzea, ebaluatzea eta bultzatzea lortu nahi da. Txerto eta medikamentu berriak lortzea ere helburu horren barruan sartzea da.
Prebentzioaren ituak
Gaixotasun infekzioso edo kutsakor berrien prebentzioan kontuan hartu behar diren ituek bi ikuspegi nagusi dituzte: alde batetik, gaixotasuna agertzeak dakartzan arazoak, eta bestetik, gaixotzeko arriskuan dagoen populazioa. Argi dagoena da, prebentzioa maila guztietan egin behar dela eta hainbat ikuspegi kontuan hartuz gainera.
Batetik, mikroorganismoek medikamentuekiko duten erresistentzia geroz eta handiagoari aurre egiteko medikamentu berriak sortu beharko dira eta ondo erabiltzeko kanpainak egin, zenbait kasutan arazo hori oso larria bihurtzen ari baita. Tuberkulosia, adibidez, horregatik ari da hainbeste indartzen.
Bestetik, bektoreak, gaitzak hedatzen dituzten bitartekariak, kontrolatu behar dira, hau da, elikagaiak, ura, etab. Horretarako, bektoreen habitata aldatu gabe, ur eta elikagaien desinfekzio-metodo egokiak erabili beharko dira.
Odol-transfusioen bidez ere gaixotasun asko transmiti daitezke, odola eta bere deribatuak oso egokiak baitira GIB, C hepatitisaren birusa, TTV birusa eta antzekoak garraiatzeko. Beraz, odolaren zainketa handia egin beharko da mikroorganismo horiek detektatu eta prebentzioa egiteko, diagnostiko-proba berriak asmatuz.
Haurdun dauden emakumeen, jaioberrien, immunodeprimituen eta abarren prebentzioan ere lan handia egin beharko da, horiek defentsa-mekanismo ahulak baitituzte eta, beraz, mikroorganismoek errazago sorraraziko baitizkiete gaixotasunak. Esate baterako, amarengandik fetuarenganainoko mikroorganismo-garraioa oso erraz egin daiteke. Hori eragozteko, jaio aurreko zainketa eta prebentzioa egitea nahitaezkoa da.
Azkenik, txerto berriak garatu beharko dira. Gaur egun gaixotasun asko txertoei esker kontrola daitezke (tetanoa, polioa, elgorria, parotiditisa, errubeola...) eta, beraz, aurkitu berri diren mikroorganismoen prebentziorako txertoak garatzea garrantzitsua izango litzateke.
Hori guztia kontuan harturik eta ezagutza zientifiko berriak erabiliz, ondo planifikaturiko parte-hartzeko estrategietaz baliatuz, baliabide egokiak erabiliz, eta nahi edo borondate politikoa izanik, gaixotasun berri horietako asko prebenitzea lor daiteke; immunizazioari esker, medikamentuak erabiliz edo bektoreen kontrola eginez.
Hala ere, horrek ez du esan nahi gaitzik gabeko mundu bat eraiki ahal izango denik. Gaixotasun batzuk desagerraraztea lortuta ere, gehienak mantendu egingo liratekeelako, infekzioa sortzeko ahalmen gutxiagorekin bada ere. Gainera, bistakoa da hemendik aurrera ere mikroorganismo berriak aurkituko direla, nahiz eta ez jakin ez noiz eta ez non.
Gripea, zainketaren garrantziaGripea antzinatik ezaguturiko gaixotasuna da eta, izatez, gripeak heriotza asko sorrarazi ditu pandemiak direla-eta, hau da, eskualde bateko ia biztanle guztiei eragiten dien intentsitate handiko epidemiak direla-eta. Adibidez, 1918ko pandemian ia 40 milioi pertsona hil ziren mundu osoan). Pandemiak noizbehinka gertatzen dira, birus-mota desberdinen agerpenak edo berragerpenak eraginda. Gizakiaz aparte, gripearen birusa ugaztunetan eta hegaztietan ere izaten da eta birusaren transmisioa izaki guztien artean gerta daiteke. Hori guztia dela eta, Osasunerako Mundu Erakundeak birus horren nahitaezko zainketa bultzatu zuen. Gripearen zainketa 1948tik aurrera egin da mundu osoan eta 82 estatuk eta 100 laborategik parte hartzen dute. Laborategi horietan gurekin bizi diren gripe edo influenza birusaren mota desberdinak aztertzen dira eta urtero ematen den txertoa ere han asmatzen dute. Zainketari esker, 1997an Hong Kong-nen sortu zen gripearen barietate berri bat (H5N1) Holandako laborategi batean berehala identifikatzea lortu zen. Birus-barietate berri horrek oilaskoak infektatzen zituen eta gizakira pasatu zen, hilkorra bihurtuz. Hori ikusita, Osasunerako Mundu Erakundeko beste laborategi batzuk ere bat-batean lanean jarri ziren. Azterketa epidemiologikoak egin ziren, informazio publikoa eman zen, diagnostikorako probak garatu ziren eta, horri esker, birusaren agerpenaren aurrean erantzun arina eta eraginkorra eman zen. Zorionez, gripearen birus horrek gizakiz gizaki transmititzeko ahalmen eskasa erakutsi zuen eta heriotza gutxi sorrarazi zituen. Gizakitik gizakira transmititzeko ahalmena lortzeko denbora izan balu, mutazio baten bidez esaterako, edozein kontrol-motari ihes egingo ziokeen agian. |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia