}

Fusioa eta STEP proiektua

2019/10/21 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Ondo bereizi behar dira fisioa eta fusioa. Izen horiek ez dute batere laguntzen, baina abizena ere kaltegarria da. Fisio nuklearra eta fusio nuklearra. Nuklear abizenak ez du ospe onik ematen. Kontua da, ordea, energia ekoiztearen ikuspuntutik, oso ezberdinak direla. Kontrakoak.

fusioa-eta-step-proiektua
Arg. Wikimedia

Lehena, fisioa, atomo handiak bitan puskatzea da. Energia asko lortzen da horrela, baina arazo asko ere sortzen ditu. Batez ere, puskatzen den atomoa erradioaktiboa delako eta sortzen diren bi puskak, beste bi atomoak ere, erradioaktiboak eta oso kaltegarriak direlako. Eta ez dakigu zer egin haiekin.

Bigarrena, fusioa, atomo txikiak elkartzea da. Aurrekoaren kontrakoa. Fisioarekin baino energia gehiago sortzen da. Eguzkia bera ari da etengabe hidrogenoa fusionatzen, eta prozesuan sortzen diren atomoek ez dute arazorik ematen. Helioa sortzen da, besterik ez. Ez dago hondakinen arazorik. Arazo bakarra da une honetan ez dakigula fusioa nola egin.

Proiektu asko daude fusio-plantak egiteko, baina zaila da. Oso zaila. Proiektu ezagunena ITER proiektua da, herrialde askoren artean abiatutako proiektu erraldoia. Hori bai; ITER ezagutu nuenetik entzun izan dut, 50 urte barru izango genuela fusioa erabilgarri. Baina hamar urte pasata, gauza bera esaten zuten eta beste hamar urte pasa eta gauza bera. Ematen zuen ez zirela aurreratzen ari. Eta zailtasunak azaleratzen zirela etengabe proiektuan.

Bada, hilabete honen hasieran, beste proiektu batek izan du oihartzuna; Erresuma Batuko STEP proiektuak. Britainiarrek iragarri dute diru-inbertsio izugarri bat egingo dutela, eta espero dutela 2040ko hamarkadaren hasieran martxan izatea. Bestalde, ITER proiektukoek 2016an iragarri zuten 2035erako egingo zituztela lehen fusio-esperimentuak, baina ez dute datarik eman energia ekoizpena noiz hasiko den argitzeko. Ez dira ausartu, beharbada.

Nolanahi ere, zer espero behar dugu guk? Ba, zaila da esatea, baina behintzat 50 urteko epe hori murriztu da, eta 25 urte inguruko datak ditugu orain mahai gainean. Auskalo.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia