}

Fruitu handiago eta ederragoen sekretua loretan dago

2001/06/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Hamaika lore-mota dago, zein baino zein bereziago, eta milaka kolore, usain eta itxurakoak dira. Hala ere, guztiak dute zerbait berdina: petaloak lorearen kanpoaldean egoten dira, eta ugaltze-organoak, aldiz, erdian.

Duela gutxira arte, zientzialariek ez zekiten lore denak zergatik zuten eredu hori, baina Salk Institutuko Detlef Weigel biologoak eta bere taldekideek erantzuna topatu dute. Cell aldizkarian argitaratu dutenez, WUSCHEL edo WUS izeneko genean datza lorearen eredua. Gene hori lehendik ere ezaguna zen, zurtoinak eta hostoak eratzen dituzten kimuetan ere ezinbestekoa baita.

Genearen eginkizuna jakiteak ez du soilik loreen eboluzioa argitu; horretaz gain, aplikazioa izan dezake, hain zuzen ere, fruitu handiagoak lortzeko erabil daitekeelako. Fruituak lorearen erditik eratzen dira; beraz, parte hartzen duten geneak aldatuz, lorearen erdian fruitu handiagoak egitea lortuko litzateke.

Weigelen taldeak egin zuen beste lan batean, LEAFY genea identifikatu zuen. Gene hori loreak garatzeko ezinbestekoa da, eta kimuak lore bihurtzeko ahalmena du. Loreak hostoen aldaerak direla erakusten du horrek. Horretaz gain, nekazaritzan aplikazioa izan dezake, fruitu gehiago lor daitezkeelako.

Loreen garapenean bada beste gene garrantzitsu bat: AGAMOUS. Aipatutako hiru geneek elkarrekin egiten dute lan. LEAFY geneak zurtoinak eta hostoak emango dituzten kimuetatik bereizten ditu loreak. WUS geneak lorearen erdia non dagoen markatzen du, baina ez du zerikusi zuzenik lorearen zatiekin. Eta biek batera ugaltze-organoak kodetzen dituen AGAMOUS genea aktibatzen dute.

Bestalde, zurtoinak eta hostoak urtetan zergatik hazten diren jakin dute ikertzaileek, eta zergatik loreak, aldiz, denboraldi batean besterik ez duten irauten. Izan ere, AGAMOUS geneak WUS geldiarazten du lorearen garapeneko azken faseetan. Bi gene horien arteko oreka aldatuz gero, etengabe loreak ematen dituen edota karpelo gehiago dituen landarea lor daiteke. Karpelo gehiagoko tomateak, adibidez, fruitu handiagoa ematen du.

Loreen eraketan parte hartzen duten geneak zein diren eta beren eginkizuna zein den jakinda, ekoizpena handitzea espero da. Agian, etorkizunean fruitu gehiago eta handiagoak emango dituzten landareak lortu ahal izango dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia