}

Fosforoa: gernuan aurkitutako elementua

2008/06/29 Álvarez Busca, Lucía - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Fosforoa. P letraz adierazia, grekoko phosphoros hitzetik baitator. Taula periodikoko 15. elementua da, silizioaren atzetik eta sufrearen aurretik. Eta zergatik 15.a? 15 protoi eta 15 elektroi dituelako.
Urte askotan fosforoa erabili da pospoloak egiteko. (Argazkia: morgueFile)

Fosforoa oso elementu erreaktiboa da, hau da, haren atomoak oso erraz nahasten dira beste elementu batzuen atomoekin (oxigenoarekin, adibidez). Fosforo-atomoak beste elementu batzuekin nahastean, fosforodun konposatuak sortzen dira. Hala, oso zaila da fosforo purua aurkitzea naturan. Gizakiok artifizialki lortzen dugu fosforoa: haren konposatuetatik abiatu, eta haietatik ateratzen dugu fosforoa.

Non dago, bada, fosforoa? Naturan oso ohiko elementua da. Arroka askok fosforodun konposatuak dituzte, bai eta izaki bizidunek ere. Gutxi gorabehera, kilo bat fosforo dago gizaki baten gorputzean.

Baina, esan bezala, fosforo purua aurkitzea oso zaila da. Horregatik, fosforoa elementu gehienak baino askoz beranduago aurkitu zuten. Eta oso era bitxian, gainera.

Brandek kasualitatez aurkitu zuen fosforoa 1669. urtean. (Argazkia: Joseph Wright of Derby)

Kasualitatez aurkitu zuen Hennig Brand alemaniarrak 1669. urtean. Brand alkimista zen. Beraz, metal ez-nobleak urre bilakatzeko metodoaren bila zebilen, filosofoen harriaren bila. Horretarako, hainbat esperimentu egin zituen. Alkimista askok bezala, filosofoen harriaren gakoa gernuan egon zitekeela uste zuen.

Brandek gernutik hainbat gatz lortu nahi zituen. Horretarako, gernua irakiten jarri zuen. Ur guztia lurrunduta, hondar solido bat geratu zen ontzian. Hondar hura berotzen jarraitu zuen Brandek. Bat-batean, ontzia lurrun dirdiratsu batez bete zen, eta lehen hondarra zena likido txuri eta dirdiratsua bihurtu zen. Brandek likido hura beste ontzi batean gorde zuen. Likidoak dirdira egiten zuen oraindik.

Argia daraman elementua

Fenomeno harrigarri haren ondorioz, Brandek fosforo deitu zion lortutako likido txuri eta dirdiratsuari, grekoz phosphoros hitzak 'argia daramana' esan nahi du eta. Garai hartan Artizarrari deitzen zitzaion Phosphoros , lurretik ikusita oso dirdiratsua baita.

Fosforoa gernutik lortzeko prozesua hobetzen saiatu zen gero Brand. Horretarako, gernua irakiten jartzen zuen, likidoa lurrindu eta hondar likatsu bat lortu arte. Hondar hura berotzean, olio gorrixka bat sortzen zen. Olioa kendu eta gorde egiten zuen. Oraindik ontzian geratzen zen hondarra hozten uzten zuen. Hoztean, bi gauza lortzen ziren: materia beltz eta harro bat alde batetik, eta gatzak bestetik. Gatzak kendu, eta materia beltza aurretik lortutako olio gorrixkarekin nahasten zuen. Nahastea 16 orduz berotzen zuen gero. Berotutako nahaste hartatik lortzen zuen Brandek fosforoa.

Gernuaren gatzetan aurkitu daiteke fosforoa eta hala egin zuen Brand alkimistak.

Baina, horra hor paradoxa! Brandek fosforoa lortzeko landutako teknika ez zen hoberena. Izan ere, gernuan dagoen fosforo gehiena berak erabili ez zituen gatzetan zegoen, nahasketa egin baino lehenago kentzen zituenetan. Branden teknika erabilita, 5.500 litro gernu behar dira 120 gramo fosforo lortzeko. Baina kendutako gatzak erabilita askoz gehiago lortuko zukeen, gizakien gernuaren 5.500 litrotan 7 kilo fosforo baino gehiago baitaude.

Brandek bere aurkikuntza sekretuan gorde zuen denbora batez, fosforoa metal ez-nobleak (beruna, adibidez) urre bihurtzeko erabil zitekeela uste baitzuen. Noski, ez zuen horrelakorik inoiz lortu. Baina, denborarekin, Brandek lortutakoa ezagutarazi egin zen, eta elementu berria ere bai.

Laster, hezurretan ere fosforoa zegoela ikusi zuten ikertzaileek. Hezurrak txikitu eta azidotan disolbatzen zituzten. Hala, gernuarekin baino kantitate handiagoak lortzen zituzten. Gaur egun, ez gernutik, ez hezurretatik. Fosfatoak edo fosforodun konposatuak dituzten arroketatik lortzen dugu fosforoa.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia