Fobos, gertutik begiratuta
2010/03/09 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia
Mars Express zunda Marteko Fobos ilargiaren gainazaletik 67 kilometroko altitudera hurbildu zen joan den asteazken gauean; inoiz baino gertuago, alegia. Hurbilketa horretatik ateratako datuak baliagarriak izan daitezke Fobos ilargiaren jatorria ulertzeko.
Marteko ilargi horren jatorria misterioz josia dago. Izan ere, objektu solidoa dirudien arren, aurrez egindako zenbait azterketak egiaztatu dute haren dentsitatea gorputz solido batek izan beharko lukeena baino txikiagoa dela. Horrenbestez, litekeena da ilargiaren % 25 eta %35 bitartean hutsa izatea. Datu horietatik, zientzialariek ondorioztatu dute Marteren orbitan dagoen “hondakin-multzo” bat izan litekeela Fobos. Beraz, litekeena da hondakin-multzo hori tamaina ezberdinetako arrokaz osatuta egotea, eta haien artean hutsune handiak egotea.
Dena den, Mars Express zundak berriki jasotako datuekin azterketak egingo dituzte. Marteko ilargi horretako dentsitate-aldaketak neurtuko dituzte. Hala, besteak beste, Fobos ilargiaren barrualdearen zein proportzio dagoen hutsunez osatuta egiaztatuko dute zientzialariek.
Irudia: ESA/DLR/G. Neukum/FU Berlin
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia