Fisiologia edo Medikuntzako Nobela, kromosomen babesleak aurkitu zituztenentzat
2009/10/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Hain zuzen, DNA kromosometan biltzen da, eta muturrek, telomeroek, egitura berezia dute. Bada, telomeroetako sekuentzia batek kromosomak degradatzetik babesten zituela aurkitu zuten Blackburnek eta Szostakek. Greiderrek eta Blackburnek, berriz, telomerasa identifikatu zuten; hau da, telomeroak sortzen dituen entzima.
Telomeroak eta zelularen bizia
Kromosomen bukaeran dauden egitura berezi batzuk dira telomeroak.
(Argazkia: Kaliforniako Unibertsitatea)
Nobel Akademiaren prentsa-oharrean azaldu dutenez, aurkikuntza horiek berebiziko garrantzia dute, telomeroen luzera zelularen bizi-luzerarekin erlazionatuta baitago: telomeroak laburtuz gero, zelula hil egiten da; aitzitik, telomerasaren jarduera handia bada, zelulen heriotza atzeratu egiten da.
Horrenbestez, ikertzaileek uste dute telomeroek garrantzia handia dutela organismoen zahartzean, baita minbizian ere. Izan ere, minbizi-zelulak hilezkorrak dira, eta zenbait ikertzailek ikusi dute zelula horietan telomerasak jarduera handia duela. Areago, minbiziari aurre egiteko, telomerasa suntsitzean oinarritzen diren tratamenduak probatzen ari dira gaur egun.
Horrez gain, gaixotasun heredagarri batzuk telomerasaren akatsen ondorio dira, hala nola sortzetiko anemia aplastikoa. Beraz, zelulen bizialdia eta hainbat gaixotasunen sorrera hobeto ulertzeko aukera eman dute Blackburnen, Greiderren eta Szostaken aurkikuntzek. Halaber, terapia berriak garatzeko bidea ireki dute.
Aurkikuntzak, elkarlanaren ondorio
Nobel saria jasoko dutenen aurkikuntzak elkarlanaren emaitza dira. Hain juxtu, bere ibilbidearen aurreneko urteetan, DNA sekuentziatzen ari zela, Blackburnek ikusi zuen Tetrahymena organismo zelulabakarraren kromosomen bukaeran sekuentzia bat zenbait aldiz errepikatuta zegoela.
(Irudia: Nobel Fundazioa)
Ikerketa argitaratu zuenean, Szostak Blackburnekin harremanetan jarri zen, bera legamiekin egiten ari zen esperimentuekin zerikusia izan zezakeelakoan. Hala, elkarrekin esperimentu bat egin zuten, eta ikusi zuten Tetrahymena ren telomeroak legamiaren kromosoma babesten zuela. Biak oso desberdinak izanagatik, oinarrian mekanismo bera zutela ondorioztatu zuten. 1982an argitaratu zuten ikerketa, eta gerora frogatu dute telomeroen sekuentzia bereizgarria dela organismo gehienetan, hasi amebetatik eta gizakietaraino.
Telomerasaren aurkikuntza, berriz, Greiderren eta Blackburneren lana izan zen. Blackburn Greiderren ikerketa-zuzendaria zen, eta telomeroen DNA entzima batek sortzen zuela uste zuten. 1984ko Eguberri egunean, zelula-erauzkin batean entzima-jarduera zegoela aurkitu zuen Greiderrek. Greiderrek eta Blackburnek telomerasa deitu zioten entzimari, purifikatu egin zuten, eta haren funtzioa argitu zuten.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia