}

Felix Ares, Zientzia Museoko zuzendaria

2000/12/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nondik datorkizu zientziarekiko zaletasuna?

Betidanik izan dut. Zortzi urte nituenerako banuen irrati-emisorea. Ni ez nintzen horrelako traste bat egiteko gai; hortaz aitak egin zidan, hura irrati-teknikaria baitzen. Ez dakit zerbait lagundu nion edo ez, baina irrati-emisorea muntatzen egon zen bitartean inguruan ibili nintzaion.

Oso oker ez banago, zortzi urte nituela ere, Marteko seinaleak heldu ziren, han bizia zegoela alegia. Gerora ikusi zen seinaleak atmosferaren isla zirela, baina ondo gogoratzen dut nola entzun nuen berria. Sukaldean eserita nengoen irratitik eman zutenean: "Marteko seinaleak jaso dira". Oso gauza interesgarria iruditu zitzaidan.

Mutikotako beste pasadizo bat ere etorri zait gogora, 15-16 urte izango nituen. Etxeko harraska erdi-itzalean egoten zen, baina udan, eguzkia oso goian zenean, argi-izpiek uraren zorrotadan jotzen zuten, baina ni konturatu nintzen argia harraskan zegoela, zorrotada bukatzen zen tokian alegia, urak fotoiak eramaten zituelako. Saioak egiten hasi nintzen, txorrota gehiago ireki eta ura abiadura handiagoan botatzen, mantsoago eta abar. Gero zergatien bila hasi nintzen, konturatu arte lehendik ere horretaz ohartutakoak bazirela, John Tyndall zehatzago esateko. Zuntz optikoen printzipioa da, Muranoko kristalgileek beren lana egiteko erabiltzen zuten printzipio bera. Vespa motorrek ere, kilometroak kontatzeko tokian argitxo bat izaten zuten, zuntz optikoa. Hori guztia bildu eta 16 urterekin nire lehen artikulua idatzi nuen.

Argitaratu zenuen?

Bai, Algo aldizkarian, urte askotan Espainian egon den zientzia-dibulgazioko aldizkari bakarrean. Izenez ere aldatu zuen, Algo 2000 jarri zioten, eta izen hori zuela desagertu zen. Egia esan, Muy Interesante eta antzekoen agerpenarekin aldizkari txikiak hil egin ziren, baina Algoren kasuan argitaletxeak "El hogar y la moda" interesik ere ez zuen erakutsi. Gaur egun lehia egitea oso zaila da. Aldizkari asko ixten ari da, eta horren adibiderik garbiena Science et vie aldizkariaren gaztelaniazko edizioa da. Hogei urte inguru nituela aldizkari horretako harpidedun egin nintzen. Izan ere, nire adineko gehienei frantsesak ireki zizkigun munduko ateak, ez ingelesak.

Komunikabideetan makina bat lan egin duzu. Hori kontuan hartuta, esaidazu, zein ezaugarri behar dira zientzia-dibulgatzaile ona izateko?

Pasadizo batekin erantzungo dizut. Behin jeinu bat ezagutu nuen aurrez aurre, eskolak eman zizkidan. Erabateko jeinua zen, baina inork ez zituen bere azalpenak ulertzen. Arbelera irteten zen eta zera esaten zuen: "Ez dakit noren teoremaren frogantza. Hau da formula. Hau da lehen hipotesia. Hau da bigarren hipotesia. Eta hau da ondorioa". Berarentzat bi hipotesi haiekin ondoriora iristea normala zen, gainerakook hura ulertzeko orrialde piloa irakurri behar genituen eta, hala ere, kostatzen zitzaigun ulertzea.

Beraz, zientzia-dibulgatzaile ona izateko, jeinua izatea txarra izan daiteke. Pertsona arrunta izan behar da, gauzak ahalegina eginda ikasten dituena, ikasteko zailtasun horiek gainerakoei ere transmititzea badagoelako.

Irakurleen, entzuleen edo ikusleen tokian jartzeak ere garrantzi handia dauka: bezeroaren araberako hizkuntza erabili eta bere jakintza-maila ezagutu behar da, horren araberako kontzeptuak emateko. Horretaz gain, umila ere izan behar da. "Ez dut ulertu" erantzuten dutenean, zerbait gaizki egin duzula pentsatu behar da. Mezua bera edo mezua emateko modua aldatu behar da, beste era batera kontatu. Hori 100 aldiz gertatzen denean, 101. aldian hobeto egiten da. Antzezle izaera edukitzea ere ona da, erreakzioak sortu behar direlako, jakin-mina piztu, antzerki-aktoretik zerbait eduki behar da.

Informazio-iturriek ere izango dute garrantzia.

Bai, baina gaur egun Internet dela eta, horrek ez du aparteko zailtasunik. IIturri gehiegi ere badago, baina nik gutxi batzuk besterik ez ditut erabiltzen.

Zeintzuk diren esan dezakezu?

Bat, nola egiten duten atsegin dudalako, ABC kate amerikarra. Berri interesgarria jartzen du, modu atseginean eta, sakondu nahi izanez gero, beste helbide batzuetara iristeko lotura ere egiten du. Cordis-eko informazioa ere, Europako Ikerketaren datu-basea, asko erabiltzen dut. Hor ikerketan zer, zenbat eta nola ikertzen ari diren ikusten da, eta telefono-deien bidez harremanetan jartzea ere badago.

Harreman on horiek izatea ezinbestekoa da dibulgazio-lanerako?

Jakina. Nik 33 urte daramatzat honetan, eta ia nahi gabe, harreman-sare handia daukat. Jende asko ezagutzen dut, zientzia-museoetako zuzendariak, kazetarien elkarteetako partaideak, guztiek, gainera, laguntzeko oso jarrera ona izaten dute. Dena den, zientzialariek, oro har, gauzak azaltzeko zailtasunak dituzte, beren lanean oso sartuta daudelako. Askotan pentsatzen dute jendeak edozein gauza uler dezakeela, eta ez da horrela. Denbora asko daramat ikertzaileei esaten jendeari zer egiten ari diren azaldu behar diotela, eta ondo esan behar zaiola gainera, beren lana egin ahal izateko aurrekontuak izatea edo ez horren arabera erabakiko baita. Orain arte, kristalezko kaiolan bizi izan dira, bakoitza bere aurrekontuarekin, baina orain aurrekontua beste batzuekin banatu behar dute. Hori ikusita, asko dibulgatzea beste erremediorik ez dutela konturatu dira eta hasi dira, nahiz eta motibazioa -dirua- ez izan oso altruista.

Gizarteak badu zientziari buruzko informazioaren beharrik?

Nik uste dut baduela, baina ez dakiela. Esaterako, elikagai transgenikoak, bai ala ez? Ezin gara fio ekoizleek diotenaz, ez eta ekologistek diotenaz ere. Eta nola izan dezakegu irizpideren bat. Bueno, bada, ezezkoa edo baiezkoa emateko jakin egin beharko dugu zer den elikagai transgenikoa. Beste hainbeste esan daiteke zentral nuklearrei buruz, batzuendako onak dira eta beste batzuendako ez. Baina gizarteak zentral nuklearrak egiten dituen Westinghouse enpresari entzuten badio eta Greenpeaceri entzuten badio, nekez jabe daiteke benetako arazoaz. Arriskuak, onurak, norbera jabetu behar da horretaz. Edozein aurrerapenek, hala ere, arriskua dakar. Giza zelulen klonazioa, bai ala ez? Jendeak oso irizpide garbiak izan behar ditu erantzuteko.

Gizarteak zientziaren beharra du, baina oraindik ez da horren jabe. Jaikitzen garenetik oheratu arte oso harreman estua dugu teknologiarekin, gure arbasoek ez zuten gauza piloa baitugu, elektrizitatea, txorrotako ura.

Bestalde, baliabideak ez dira ugariak, pastel beretik jateko gero eta ikertzaile gehiago baitago, eta guk erabaki behar dugu nori emango zaion pastelaren zatia eta hori erabakitzeko jakin egin behar dugu.

Eta jendeari ez al zaio gogorra egiten zientzia jasotzea?

Nire esperientzia pertsonaletik esango dizut zientzia ondo kontatzen denean oso dibertigarria dela.

Ondo betetzen ari al gara zeregin hori?

Gero eta hobeto eta gero eta gehiago. Aldizkari batzuetan eta egunkari batzuetan dagoeneko kendu egin dituzte zientziari bereziki eskainitako orrialdeak, eta hori ona da, zientziari buruzko berriek gainerako berriek bezalako tratamendua jasotzen dute. Lehen ghettoan zeuden eta orain gainerakoekin daude; oso garrantzitsua da hori, zientzia gehigarrietatik kanpo ere berri izaten da.

30 urte daramatzazu zientziari begira, abiada ikaragarrian aldatzen ari omen da. Begira egon den pertsonaren ikuspegitik, nora garamatza zientziak?

Nora garamatzan? Potentzialki paradisura edo infernura. Nora eraman behar gaituen? Paradisura, argi dago. Nork gidatu behar duen zientzia? Zientzialariek, politikariek, ez, jakina; oinezkook gidatu behar dugu, baina horretarako gidatzen jakin behar dugu. Nik uste dut XX. mendea, zientzia-lorpenen ikuspegitik izugarria izan dela, nik esaldi bakar batean laburtuko nuke: 1900. urtean, Alemaniako emakumezkoen bizitza-esperantza batez beste 37 urtekoa zen; gaur egun, 80tik gorakoa da. Hori XX. mendeko zientziaren ondorioa da.

Bai, baina Australiako aborigenak 40 urterekin hiltzen dira.

Ez dituztelako zientziak sortutako baliabideak. Desorekatua dela? Bai, zientziak gauza txarrak sortu ditu, duda barik: bonba atomikoa, adibidez. Onerako edo txarrerako erabil daiteke. Gizarteak jakin behar du edozein aurrerapenek arriskua izan dezakeela eta zientziaren lema herritarrok hartu behar dugula.

Nondik sortu zen Zientzia Museoa egiteko ideia?

1990eko hamarkadaren hasieran gehienbat unibertsitateko irakaslez osatutako lagun-talde bat zientzia-museoa bultzatzeko lanean hasi zen. Talde hark aurreproiektua egin zuen, Udalari proposatu zion, Diputazioari, Zientzia XXI taldekoak ziren. Kutxak, bestalde, 1996an, beste gizarte ekintza bat egiteko unea zela erabaki zuen. Hainbat aukera aztertu ziren eta horretan zeudela, Zientzia XXI taldeko aurreproiektuaren berri izan zuten. Eurekin hitz egin eta gero, Kutxak Zientzia XXI taldearen aurreproiektuan oinarritutako Zientzia Museoa egitea erabaki zuen.

Eta zuri nola iritsi zitzaizun Zientzia Museoko zuzendaritza?

Duela bi urte eta erdi eskaini zidaten eta baiezkoa eman nien. Nire lanarekin batera, hobby gisara irrati-saioak egin izan ditut: 180 SER irratian 8-9 urtez, 4 urtez Onda Cero irratian dibulgazio-saioak egin nituen Espainia mailan, gaur egun Herri Irratian, Gasteiz Irratian ari naiz. Irrati-saioez gain, era guztietako artikuluak era guztietako argitalpenetan argitaratu ditut. Espainiako Kazetaritza Zientifikoen Elkarteko partaidea naiz, mintegi askotan hartu dut parte, ez dakit, behin zenbatu nituen eta nik uste dut 500 artikulu inguru argitaratuak izango ditudala dagoeneko. Zientzia Museoarekiko ardurari dagokionez, niretako sekulako erronka da, hobby modura egiten nuena orain eguneroko lan bihurtu baitzait; niretzat ideala da, izugarria. Gustuko dudana egin behar dut eta ordaindu egiten didate.

Eraikitze-lanak asko atzeratu dira, zergatik?

Atzerapena urtebetetik gorakoa izan da, bai, batez ere eraikitzean egon diren arazoekin, gainerakoa prest baitago. Langile-falta izan dugu, eraikuntzan sekulako boom-a gertatu da eta.

Zer ekarpen egiten dio museoak Euskal Herriari, Gipuzkoari, Donostiari?

Bueno, besterik ez dagoenez, Euskal Herriari zientzia-museoa izatea ematen dio, era informal eta ludiko batean zientziaz hezitzeko aukera emango dio. Gipuzkoari, berriz, hemengo gauza zehatzak izango ditugunez, hemengo errealitatea hobeto ezagutaraztea ekarriko dio. Gipuzkoako eta Euskal Herriko enpresetako gauzak hemen izaten saiatu behar dugu, enpresak eta unibertsitateak zertan ari diren ikusteko eta, batez ere, Gipuzkoako enpresak. Donostiarentzat, azkenik, turismoa indartzeko aukera izan daiteke. San Telmo, Aquariuma, Kursaala, eta Zientzia Museoa kontuan hartuta, Donostiak eskaintza turistiko erakargarria egin dezake, Bilboko Gugenheim museoaren osagarri ere izan daiteke.

Zientziari zerbait ekarriko dio?

Zientziaren dibulgazioari batez ere, zientziari soilik heziketaren ikuspuntutik eragiten dio. Ez dugu museo pasiboa izan nahi, jendeak jakin nahi duena jarri nahi dugu, jendearen iritzia jasotzea, horretarako EHUrekin akordioa dugu, Didaktika Sailarekin, hutsuneak aurkitzeko, jendearen iritzia jasotzeko eta egiten dena erakargarriagoa izan dadin nola egin behar den jakiteko. Ikuspuntu horretatik ikerketa pedagogikoa egingo dugu, dibulgazioarekin batera.

"Debekatuta dago ez ukitzea" leloarekin jarraitzen duzue.

Bai, badakigu kopia dela, baina polita da. San Frantziskoko Esploratorium-ak atera zuen eta munduko gainerako museook nolabait kopiatu egin dugu, moldatuta jakina.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia