Fausto Elhuyar
1992/12/01 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Fausto Fermin Elhuyar Zubize Logroñon jaio zen 1755.eko urriaren 11n. Joan Elhuyar aita, zirujau famatua zen; Hazparnen jaioa eta besteak beste begiko kataratak operatzen trebea. Leku askotatik etortzen zitzaion jendea sendatzera. Donibane-Lohizuneko Ursula ama txikia zela hil zitzaion eta anaia zaharragoa Joan Jose nahiz arreba gazteagoa Maria Lorentza zaintzearren, aita berriz ezkondu zen.
1772. urtean, aitak Fausto bere anaiarekin Parisera bidali zuen ikasketak egin zitzan. Anaiak bezalaxe batez ere kimika eta mineralogia landu zituen. 1778. urtean, anaia Joan Jose baino urtebete geroago, Bergarako Erret Mintegiko laborategian hasi zen lanean, baina laster joan ziren berriz ere bi anaiak Europan barrena (Paris, Strasburg, Mannheim, Freiburg, Leipzig eta abarrera) metalurgiari buruzko azken teknikak ikastera.
1781. urtean Austrian eta Hungarian ibili ondoren, urrian Bergarara itzuli zen, bitartean Joan Jose anaia Suediara abiatu zelarik. Bergaran Faustok bere dotazioaren herena Darcet-ek esplikatutako teknikak Saxoniatik ekarritako mineral bati aplikatzen zizkion; Bohemia eta Saxoniaren mugako Zinnwald-eko eztainu-meatzetatik ekarritakoari, hain zuzen. 1782. urteaz gero anaia Joan Joserekin batera egin zituen bere saiakuntzak.
Minerala deskonposatu eta burdina eta manganesoa atera zituzten. Geratzen zen hondakina azido nitrikoz tratatuta, hauspeakin zuria lortu zuten. Gero azido klorhidrikoaz konbinatuz, hauspeakin horia lortzen zen (WO3 edo wolframio VI oxidoa, hain zuzen). Berau erreduzitzeko, xehetu eta ikatz-hautsarekin nahastuta ordu t’erdiz su indartsuan eduki zuten. Botoi grisaren moduko bat atera zen. Behatzetan hauts bihurtzen zitzaien, alerik handiena orratz-buruaren tamainakoa zelarik. Wolframio izeneko elementu kimikoa zen; munduan lehen aldiz Bergaran isolatua.
Aurkikuntza nagusi haren berri idatzita lehen aldiz Xabier Maria Munibe eta Azkoitiko Zalduntxoek sortutako Herri-Lagunen Erret Elkartearen Gasteizko Batzarre Nagusian, 1783.ean, eman zen. Hurrengo urtean eta seguru asko Faustok idatzita, Toulouse-ko Zientzi Akademiak argitaratu zuen aurkikuntza-prozesuaren txostena. 1785. urtean Ingalaterran argitaratu zen, 1786.ean Alemanian eta ondoren Suedian.
Fausto Elhuyar, bere anaia Joan Joserekin, gero urre, platino, zilar, kobre, burdinurtu eta abarrekin nahastuta wolframioaren aleazioak lortzen saiatu zen.
Fausto Bergaratik Alemaniara eta Hungariara joan zen, Born-eko baroiak zilar-mineralak merkurioz tratatzeko asmatutako teknikak ikastearren. Ameriketara teknikariak eramateko lanetan ere ibili zen. Vienan 1787.eko urriaren 16an Joana Raab-ekin ezkondu eta urte hartantxe frantsesez Dissertations métalurgiques izeneko idazlana idatzi zuen, baina zoritxarrez ez da guganaino heldu.
Espainiara itzulita 1788. urterarte meatzetarako injineru eta teknikariak (alemanak asko) prestatzen aritu zen. Mexikora eraman zituen berarekin batera hango ustiapenak hobetu eta berritzearren.
Mexikon 1792. urtean “Real Seminario de Minas” izenekoa sortu zuen; hango lehen injineru-eskola, alegia. 1821. urtean Agustin Iturbide (Mexikoko enperadore izango zena) Ameriketara heldu zenean, Faustok bere kargutik dimititu eta Espainiara itzuli zen. Espainiako Meatzaritzarako Zuzendaritza Nagusia antolatu zuen eta Espainiako mapa geologikoa prestatzeari ekin zion. Asturiasko meatzeak ere aztertu zituen.
Meatzetako Zuzendari Orokor eta Meatzaritza-Eskolako zuzendari zela, Madrilen hil zen 1833.eko urtarrilaren 6an, bere Luisa alaba bakarra Habana-n zuela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia