Farmazia-industria haserre bai, baina dardarka ez
2001/09/30 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Osasunean espezializatutako izen handiko hainbat aldizkarik sendagaien ikerketa klinikoen atzean farmazia-etxeen esku beltza dagoela kritikatu dutenetik ez da giro farmazia-industrian. Lehendik ere gauza jakina zen, baina oraingoan komunikabideetan oihartzun handiagoa izan du. Hala ere, erabateko zatiketarik ez da espero, bi aldeek bata bestearen erabateko beharra baitute.
Osasunean espezializatutako munduko hamahiru aldizkari ospetsuenek aurrerantzean farmazia-etxeen presioen aurrean ez dutela etsiko diote. Idatzia sinatu dutenen artean daude New England Journal of Medecine, JAMA, British Medical Journal, Annals of Internal Medecine, The Lancet eta MEDLINE. Bertan, sendagaien ikerketa klinikoak egiteko finantzazioa beharrezkotzat jotzen duten arren, zientzialariak lana ongi egiteko kontratu egokiak eduki behar lituzkeela salatu dute. Kontratuek ikerketarako baldintza egokiak, informazio osoa eskuratzeko trabarik eza eta emaitzen interpretazioan askatasun osoa bermatu behar lituzkete.
Esku beltzaren eragina
Sendagaien ikerketa klinikoaren % 70 farmazia-industriak finantzatzen du eta bide guztiak erabiltzen dira sendagaiaren alde onena erakutsi eta txarra itzalpean ezkutatzeko. Ospitaleetako eta unibertsitateetako adituek ikerketa klinikoa sinatu baizik ez dute egiten eta ikerketaren emaitzen kontrola erabat galdua dute. Farmazia-etxeetako langileek definitzen dituzte ikerketarako paziente taldearen ezaugarriak, beraiek batzen eta aztertzen dituzte emaitzak, eta beraiek idazten dute aldizkarietako editoreei aurkeztuko zaien txostena. Baina, sinatu, adituek sinatzen dute. Horrela, egun batean sendagaiaren bateragarritasun eza edo iruzurra azalduz gero, azken horien erantzukizuna izaten da.
Kontzientziari kasu eginez, ikertzaile bat baino gehiago saiatu izan dira iruzurrari aurre egiten. Adibidez, 1996an, Nancy Olivieri sendagile kanadarrak talasemia, hemoglobinaren gaixotasun hereditarioa, sendatzeko Deferiprone botika hartzeak gibeleko fibrosia eragiten zuela frogatu zuen. Apotex farmazia-etxeak, ikerketaren emaitzak argitaratuz gero auzitara eramango zuela mehatxatu zuen. Hala ere, ez zuen atzera egin eta, 1998an, emaitzak argitaratzean, enpresatik bota egin zuten.
Antzeko zerbait gertatu zitzaion Jonathan Allan ikertzaileari ere CD4 sendagaiak HIESAren birusak kutsatutako tximinoetan zuen eragina ikertzen ari zela. Sendagaiak infekzioa geldotu egiten zuela frogatu behar zuen, baina alderantzizko eragina zuela erakutsi zuten ikerketek! Genetech farmazia-etxeak ordurako publizitate kanpaina hasia zuen eta, emaitza onartzeko prest agertu ez bazen ere, ezin izan zuen ezkutatu.
Aldizkarien garrantzia
Farmazia-etxeentzat sendagai berriei buruzko ikerketak ospe handiko aldizkari batean argitaratzea garrantzitsua da oso, neurri handi batean sendagaion erakustokia baitira. Aldizkarien bidez, sendagaiaren berri mundu osoko sendagileei heltzen zaie eta, beraz, botika asko saltzeko bide zuzenena dira. Aldiz, molekula baten porrota edo ondorio txarrak argitaratuz gero, diru asko galdu eta urtetako lana pikutara bidal daiteke. Berrikitan, adibidez, Bayer etxearen akzioek % 16 egin dute behera, kolesterolaren aurkako Lipobay botikaren kasua dela eta. Horregatik, farmazia-etxeentzat oso garrantzitsua da emaitzak kontrolatu eta emaitza negatiboak ez argitaratzeko indarra izatea.
Richard Smith British Journal of Medecine aldizkariko zuzendariaren hitzetan, beraien ekimena ez da farmazia-etxeen aurkako erasotzat hartu behar; hala ere, marka askok inongo eskrupulurik gabe interesatzen ez zaizkien emaitzak behin baino gehiagotan ezkutatu izana salatu zuen Smithek.
Baina, ez pentsa laborategien eta aldizkarien arteko tirabirak kontu berria direnik. 1999an, adibidez, "kritikoegia" zelako, Jama aldizkariko erredaktore burua zen Georges Lundberd kaleratzea lortu zuten farmazia-etxeek. Patu bera izan zuen eranskinetan editorialeko komiteak ontzat eman ez zituen emaitzak publikatzearen aurka agertu zen New England-eko Jerome Kassirer erredaktore buruak ere.
Eskutik helduta jarraituko dute
Hamahiru aldizkarien adierazpenak oraindik nolako erantzuna edukiko duen zehaztu ezin bada ere, farmazia-industriak jaso duen kritikarik gogorrenetakoa egiteko meritua izan dute.
Dena dela, farmazia-industriaren ikerketak zaintzen dituzten adituek kritikak ezer gutxi aldatuko duela uste dute. Bernard Bégaud- Bordeleko adituak ohartarazi du farmazia-etxeen boterea ez dela gauza berria. Haren esanean, "oraingoan, komunikabideetan erantzun handiagoa izan du, baina aldizkariek aspalditik zuten horren berri. Hala ere, egia da, farmazia-etxeak bat egiten joan diren heinean beraien boterea gero eta handiagoa eta jasangaitzagoa bihurtu dela".
Bestalde, Lyon-eko farmazia-fakultateko irakasle den Jean-Pierre Boissel-ek farmazia-etxeen atzean ezkutatuta dauden CRO (contract research organisations) zerbitzu-sozietateak kritikatu ditu. Sozietate horiek unibertsitateetako lan taldeak ordezkatu dituzte eta, gaur egun, ikerketa guztiak horien eskuetatik pasatzen dira.
Harrigarria bada ere, elikagaietatik hasi eta sendagaietaraino ekonomiaren indarra da nagusi, eta neurri batean, gizarte osoa laborategi handi bihurtu da.
7K-n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia