Ezustean, Paleolitoko margoak aurkitu dituzte Lumentxa kobazuloan
2014/05/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hala ere, margoak non aurkitu diren ez ezik, dituzten ezaugarriek ere egiten dute berezia aurkikuntza; hain zuzen, Santimamiñekoak baino lau aldiz handiagoak dira, eta okrez margotuta daude. “Sabaitik askatutako harri-bloke batean daude margotuta, harriaren erliebeari egokituta, eta oso handiak dira, 1,70 metro ingurukoak. Hortaz, Ekaingo, Altxerriko edo Pirinioetako labar-artearen parekoak dira; eta, hurbilago, Santimamiñen daudenen aldean desberdinak, haiek beltzez margotuta baitaude eta lau aldiz txikiagoak baitira”, azaldu du Garatek.
Garatek oso gogoan du lehen aldiz ikusi zituen eguna. 2012ko otsaila zen, eta kobazuloen argazkiak ateratzen ari ziren, liburu bat osatzeko. “Lumentxara joan ginenean, atea irekita zegoela ikusi genuen, eta barrualdea zer egoeratan zegoen begiratzera sartu ginen. Kobazuloa herritik hurbil dagoenez, jendeak utzitako zaborra topatu genuen, eta beste aldeko sarrera nola zegoen ikusteko kobazuloa zeharkatzen ari ginela, bidean topatu genituen”.
Margoak ikusteko begia “entrenatuta” izan behar dela aitortu du Garatek. “Joxe Miel Barandiaranek 1926an induskatu zuen, eta gerora ere jende pila bat pasa da handik. Baina ez dira ikusten errazak; eskala oso handia da, eta erliebera egokituta daude, gainean idatziak eta dituzte... ez da harritzekoa oharkabean geratzea. Guk, ordea, askotan ikusi ditugu horrelakoak, eta horri esker konturatu ginen han bisonte bat zegoela. Lehenik handiena ikusi genuen, eta gero besteak”.
Horren ondoren, ikerketa abiatu zuten, beste arkeologo batzuekin batera, tartean, Kantabriako Unibertsitateko Aitor Ruiz. “Hain zuzen, horrelako ikerketak beti egiten dira bikoiztuta; hau da, bi taldek egiten dugu ikerketa bera, bestela zerbait ez ikusteko arriskua baitago”.
Ez dute dataziorik egiterik izan, ez daudelako materia organikoz eginak, okrez baizik (beraz, ezin da karbono-14aren proba erabili), ezta kaltzitaz estalita ere (orduan ezin izan dute uranio/torio metodoa erabiltzerik izan), baina, estiloagatik, garbi dute Madeleine aldikoak direla, hau da, duela 12.000-14.000 urtekoak, gutxi gorabehera.
Bestelako bitxiak ere
Industean, beste ezusteko batzuk ere topatu zituzten arkeologoek. Garatek okre-biltegia nabarmendu du: “Ordura arte, ez nuen horrelakorik ikusi. Bloke handiaren eta beste harri batzuen artean, metro bateko diametroko okre-biltegi handi bat dago. Pentsatzekoa da hori erabili zutela margoak egiteko, noski”.
Horrez gain, horma bateko zulo batean sartuta, sukarria aurkitu zuten. “Eta horri bai, kaltzita sortu zaio azalean, eta ezin da atera”, esan du Garatek.
Diego Garate Bilboko Arkeologia Museoko arkeologoa da, eta Joseba Rios CENIEH Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentroan dihardu lanean, eta, Aitor Ruizekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kobie aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia