Ezin hitz egin
1996/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Jakina denez, txinpantzeek ez dute hitz egiten, baina ezintasun horren zergatia oraindik argitzeke dago. Eboluzioan gizakiongandik hurbilen dugun ahaideari barrea aztertuz, hitz egiteko gaitasun-ezaren zergatia aurkitu nahi izan dute eta ondorioztatu dutenez, arazo fisiologikoak direla medio, primateak ezin du berba egin.
EEBBetako psikologo batek metodo berezia erabili du txinpantzea hitz egiteko gauza ez dela frogatzeko. Txinpantzeari kilimak egitean, jolas-aurpegia jartzeaz gain, nolabaiteko soinuak ahoskatzen dituela ohartu zen. Gero, primatearen barrea gizakiarenarekin alderatu zuen eta honako ondoriora heldu da: txinpantzeak barre-soinu bat egiten du arnasaldi bakoitzeko eta gizakiak aldiz, “ha, ha, ha” algara tipikoa arnasaldi bakarrean egin dezake.
Guretzat barrearen eta hitz egiteko gaitasun ezaren arteko lotura zein den ez dago garbi, baina psikologoak berehala uztartu zituen bi ekintzak: txinpantzea ez da arnasketa eta ahoskera koordinatzeko gauza. Hitz egiteko unean, txinpantzeak ez du arnasketan parte hartzen duten diafragma eta zenbait gihar behar bezala menperatzerik eta beraz, horixe litzateke gure ahaideek duten ezintasunaren zergatia.
Primate barregarri horiekin berriketan aritzerik ez dugu izango oraingoz behintzat, baina dirudienez ikertzaileek arrakasta izan dute txinpantzeei zeinu-sistema bat erakutsi dietenean. Beraz, hitz egiteko gauza ez direnez, elkar ulertzeko moduko zeinu sistemaren bat aurkitu beharko dugu komunikatu ahal izateko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia