}

Ez saguzarrik jan!

2003/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Dirudienez, ez da komeni azeri hegalaririk jaterik, toxinak pilatzen dituztela ikusi dute eta. Izan ere, saguzar horiek Cycadae familiako palmondoen haziak jaten dituzte eta hazi horietan pilatzen diren toxinak bereganatzen dituzte.

Mikronesiako uharterik handienean, Guam-en, bizi den Chamorro herriak neuroendekapenezko gaixotasun larri bat garatzeko joera du. Gaixotasun horren jatorria ikertzen hasi zirenean Cycadae-en haziek eragindakoa zela susmatu zuten, opil-irina egiteko erabiltzen baitituzte; baina hazi horiek jateko prestatzerakoan urez garbitu eta toxinak ezabatzen dituztela konturatu ziren. Hala, toxina beste bide batetik irits zitekeela gizakietara ondorioztatu zuten.

Guam herriak saguzarrak ere jaten ditu eta saguzar horien toxina-kantitatea neurtuta, opil-irinarena baino ehunka aldiz handiagoa dela ikusi dute. Horregatik, Chamorro herriaren gaixotasuna saguzarretan pilatutako toxinek eragindakoa dela ondorioztatu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia