Ez dago ebidentziarik autismoa parazetamolarekin erlazionatzeko

Trumpen gobernuak haurdunei parazetamola ez hartzea gomendatu nahi die, autismoa eragiten duelakoan. Gobernuaren adierazpenak larritasuna eragin du populazioaren artean, eta kezka handia piztu du zientzilarien artean, aholkua ofiziala bihurtzen bada, ebidentzia zientifikoaren kontrakoa izango delako. Izan ere, ez dago ebidentzia garbirik baieztatzeko haurdunek parazetamola hartzea dela haien haurrek autismoa izateko arrazoietako bat.

Pixabay - Pixabay


Nature aldizkariak zehaztu duenez, Robert F. Kennedy Jr. Osasun Saileko buruak esan du autismoak eragile asko izan ditzakeela, eta haietako bat folato-gabezia izan daitekeela. Hortaz, folato gutxi dutenentzat leukoborina folatoa onartzeko pausoak abiatu ditu FDA Elikagaien eta Sendagaien Agentziak. Aipatzekoa da leku askotan, haurdunek folatoa (B9 bitamina) hartzen dutela, haren eskasiak fetuak bizkarrezur bifidoa izatea eragin dezakeelako.

Parazetamolaren edo azetaminofenoaren kasuan, berriz, ez dago frogatuta autismoa edo beste asaldurik sortzen duenik fetuan edo haurren garapenean. Zenbait ikerketatan erlazionatuta daudela ondorioztatu badute ere, erlazio hori ez da esanguratsua, eta, beraz, ez da nahikoa frogatzat hartzeko. Gauza bera gertatzen da txertoekin, zeinak 1998an autismoarekin lotu baitzituen Wakefield izeneko ikertzaile batek. Gerora iruzurra egin zuela frogatu bazen ere, oraindik, tartean behin, batzuek berpizten dute gezur hori.

Adituek gogorarazi dute haurdunek ez dituztela botika asko aukeran mina kentzeko, eta parazetamola aukera seguruenetako bat dela. Horrez gain, AEBko gobernuaren adierazpenek autismoa duten haurren amak erruduntzeko arriskua ere badakarte.

 

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna