Elkarrizketa

Nicolas Goñi

«“Ez badugu guk adituok koherentziaz jokatzen gure praktiketan, nola gero gizarteari ulertarazi?”»

Nicolas Goñi biologoa (Donibane Lohitzune, 1980) Turkutik solastu da Elhuyarrekin. Hain zuzen, arrantza-ikertzailea da Finlandiako Baliabide Naturalen Erakundean. 2021etik dabil lanean erakunde horretan, eta Baltiko itsasoaren inguruan dabil lantalde bilera eta ikerketa kanpainetan parte hartzeko.

Hala ere, lehen urrunago bidaiatzen zuen. “2021era arte, AZTIn egiten nuen lana, tunidoen arloan, eta hasieran nagusiki Bizkaiko Golkoan aritzen banintzen ere, gero atun tropikaletara aldatzean, kontinente arteko bidaia asko egin nituen formakuntza edota konferentzietarako, baita atun tropikal markaketa kanpainetarako ere. Gaur egun, askoz distantzia laburragoak egiten ditut”, azaldu du, “ditudan bilera gehienak Baltiko inguruan dira, batez ere Kopenhagen, bertan baitago ICES”. Hain zuzen, Baltikoko arrain pelagiko txikiak ikertzen ditu, eta haiek ez dira atunak bezainbeste mugitzen. “Kopenhage, Gdynia edo Rigara nahiko erraza da trenez eta itsasontziz joatea, hegazkina hartu baino. Piska bat luzeagoa izanik ere, berdin egiten dut Finlandiatik Lapurdirako joan-etorrietarako, urtean hiru aldiz egin ohi dudana.”

Izan ere, aitortu du kontraesan handia sortzen ziola jasangarritasun-gaiak ikertzea, eta, aldi berean hainbeste bidaiatzea hegazkinez. “Nahiko zaila zait, adibidez, arrantza-zientzialariak ikustea axolagabe hegazkina hartzen, batzuetan 500 kilometro egiteko ere. Arrain populazioen ustiatze mugak kalkulatzen saiatzen gara, baina gure lan ohiturek atmosferan karbono isurketa mugak ez dituzte kontuan hartzen. Nire ustez, ez badugu guk adituok koherentziaz jokatzen gure praktiketan, nola gero gizarteari ulertarazi? Gauza asko ohitura hutsagatik egiten dira, baina jasangarritasuna praktiketan ere islatu behar da.”

Lan antolaketa kontua da ere: “Etxean zaintza ardurak izateak, edo adibidez Azore uharteetan bizitzeak zailtasunak ekartzen ditu isurketa apalagoko garraioak erabiltzeko, horretarako lanaren bertzelako antolamendua beharko litzateke.” Uste du gaur egungo lan-antolaketak bidaiak ahalik eta azkarren egitea eta beraz bidaiak ugaritzea bultzatzen duela, gai gehiagotan parte hartzeko. “Zergatik ditugu gaur egun hainbat bilera eta hainbat mintzaldi? Askori entzun diet gehiegi dela bakoitzari benetako ekarpena egiteko. Gainera, nire ustez, hegazkinez joateak lana kaltetzen du ere, ez baitu lanerako denbora egokirik uzten. Aldiz, trenean lasai eseri eta kontzentratu zaitezke, ordenagailua konektatu ahal duzu…”.

Koherentziak bultzatuta

Arrainak ikertzeaz gain, dibulgazioan ere aritzen da, eta horretan ere garbi erakusten du jasangarritasunaren aldeko jarrera. “Azken finean, koherentzia-kontu bat da. Ni oso deseroso sentituko nintzateke jasangarritasuna nire ikerketa-arlo estuan bakarrik izango banu kontuan, bertze arloak aintzat hartu gabe. Horrek bultzatzen nau krisi anizkoitz horri buruz idaztera, nire eremu espezializatutik kanpoko arloetako adituak irakurrita”.

«Jasangarritasun arloko zientzialari batek edo klimaren aldeko militante batek funtsean mezu bera dute: kontuz, biosferak mugak ditu, eta arriskutsuegia da muga horietara hurbiltzea.»

Klimaren aldeko Bizi! mugimenduko kidea da eta horrela lotzen du bere lanarekin: “Jasangarritasun arloko zientzialari batek edo klimaren aldeko militante batek funtsean mezu bera dute: kontuz, biosferak mugak ditu, eta arriskutsuegia da muga horietara hurbiltzea. Baina gure hautematea denborak baldintzatzen du: arrain populazio bat gehiegi ustiatzen jarraitzen baduzu, urte gutitan agertuko dira arazoak. Klimarekin, aldiz, arazoa denbora luzeagoan nabarmentzen da; beraz, errazkiago erabaki daiteke konponketa gerorako uztea, eragin gogorregiak pairatzen ez ditugun bitartean.”

Gogoratu duenez, gaztetatik zeukan ingurumenarekiko kezka, ikusten baitzuen bere inguruko ekosistemak galtzen edo kalteak jasaten ari zirela. Hala, biologia ikasten hasi zen. Organismoen biologian lizentziatu zen Bordelen, gero Angelun ekosistema akuatikoen dinamikako Masterra egin zuen, eta AZTIn tesiko lana hegaluzeari buruz, tesia Angelun ere defendatu zuelarik. “Hala ere, biologiaz gain edo harekin batera, gustura ikasiko nituzkeen, adibidez, geografia, antropologia, euskara, soziologia... Erranen nuke interesatzen zaidana ez direla ekosistemak bakarrik, baizik eta gizaki eta gizarte gisa munduarekin nolako harremanak garatzen ditugun”, aipatu du Goñik.

Interes hori nabarmena da bere dibulgazio-lanetan, baita euskararekiko ardura ere. “Bada hizkuntzalari finlandiar bat hizkuntza-aniztasuna biodibertsitearekin lotzen duena, Tove Skutnabb-Kangas, eta haren bitartez deskubritu nuen aniztasun biokulturalaren kontzeptua. Oso mamitsua iruditu zitzaidan. Nik neuk ez nuen etxean jaso euskara, eta anomalia bat bezala bizi izan dut, konpontzeko huts bat bezala”. Euskaldundu zen, beraz, ingurumenarekiko jokatzen duen koherentzia berberaz.

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Nicolas Goñi. Elkarrizketatuak utzitako argazkia.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali