Exoplaneta baten atmosfera atzeman dute
2001/11/28 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Eguzkiaren antzeko HD 209458 izarraren inguruan orbitatzen duen exoplaneta hori Pegasus konstelazioan dago, Lurretik 150 argi-urtera. 1999an ikusi zuten lehen aldiz, eta Jupiterrek duen masaren % 70 duela diote, hau da, Lurrak baino 220 aldiz gehiago. Hubble teleskopioaren bidez behaketa ugari egin dira, eta orbita definitu ahal izan da. Bere izarretik oso hurbil dagoenez, 3,5 egunetik behin pasatzen da haren aurretik eta une horietan izarraren distira gutxitu egiten da. Horri esker, Jupiter eta Saturnoren antzera batez ere gas-egoeran dagoela, eta 1.100 C inguruko tenperatura duela jakin dute.
Izarraren aurretik egindako lau igarotze aztertuta, atmosfera duela egiaztatu dute. Lau aldi horietan izarrak igorritako argiaren kolorea aztertu dute eta, normalean igortzen duen argiaren espektroarekin alderatuta, planetaren azalean bezala atmosferan sodioa dagoela ikusi dute. Orain izarraren argiaren espektroaren beste koloreekin probatu nahi dute, ea zeintzuk iragazten dituen planetaren atmosferak. Horrela, metanoa, ur-lurruna, potasioa eta beste gai kimiko batzuk atzematea espero dute. Gainera, biziaren aztarna kimikoak bilatzea ere posible izango da NASAren esanean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia