}

Eusko labela

1993/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Europara sartu ginenetik produkzio-ohiturak aldatzen edo aldarazten ari dira leku askotan. Aurten jada, ia merkatu librea dugu eta nekazaritza zein industrian eragina nabaria da.

Konpetentzia gero eta handiagoa denez, zenbait produkzio-sistemak desagertzeko bidea edo birmoldatzeko bidea hartu beharko du. Oro har, ugari produzitzen diren gaiak ezingo ditugu gehiago produzitu, gure enpresa-egiturak dituen funtzionamendu-kostuak Europan dauden antzeko beste enpresenak baino handiagoak izango direlako.

Euskal ekonomiari geratzen zaion irtenbideetako bat, masifikaziotik ihes egitea da. Testuinguru horretan ulertu behar da Eusko Jaurlaritzak sortutako “Elikadura-kalitatearen eusko labela”. Etiketa honen bidez bi helburu lortu nahi dira. Batetik, produkziogileen lana babestu nahi da, kontsumitzaileenganaino produktuen kalitatea eta jatorria helaraziz. Bestetik, produktuen kalitatea kontrolatu nahi da, hasieratik bukaeraraino, inor ere faltsukeriatan ibil ez dadin.

Etiketa honen ikurra kalitate hitzaren “K” letra da eta jadanik, gutxienez bi produktuk, hots, Euskal Herriko arkumeak eta Arabako patatak eskuratu dute aipatu etiketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia