}

Euskal Herriko Fauna laburpena

1997/12/01 Elosegi Irurtia, Migel M. Iturria: Elhuyar aldizkaria

Euskal Herria lurralde txikia da. Karrantzatik Baionara, Irundik Kortesera, edo Mauletik Gaubeara, zuzenean 150-200 km besterik ez daude. Eskualde batzuetako jende-dentsitatea oso altua da eta gainera, gizakiak askotxo aldatu du bertako ingurunea. Hala eta guztiz ere, faunari dagokionez aberastasun handia dugula esan dezakegu.

Bertako faunaren aberastasuna

Faunari dagokionez, Euskal Herrian aberastasun handia dugula esan daiteke. Zoritxarrez, katamotzaren gisako espezie bikainak galdutzat jotzen dira.
M.M. Elosegi

Lurralde txiki honek, ingurune fisikoan (orografia, klima, landaredia eta abarretan) aldakortasun izugarria du. Izan ere, zaila da hain kilometro gutxitan, hain ekosistema desberdinak ageri dituen lurraldea topatzea, eta ondorioz, faunaren dibertsitatea handia da oso.

Ornodunei dagokienez, Euskal Herrian ez da endemismorik (lurralde honetan besterik bizi ez den espezierik) deskribatu. Alde horretatik beraz, ez dugu beste munduko ondarerik, baina aberastasuna nolabait neurtzearren, bertako faunaren espezie-kopurua azter genezake: gure lurraldean ur gezetako 26 arrain eta askoz ere itsas-arrain gehiago, 17 anfibio, 26 narrasti, 190 bat hegazti-espezie, eta 70 ugaztun-espezie inguru topa ditzakegu. Irizpideen arabera kopuru hau alda daitekeen arren (autoktonoak ez diren espezieak, edota ia desagertutzat jotzen direnak, sartzen diren edo ez direnaren arabera, adibidez) nolanahi ere altua dela baiezta daiteke.

Ornogabeei dagokienez berriz, milaka espezie ditugu eta zenbait talde oraindik sakon aztertu ez diren arren, endemikoak diren espezie-mordoska deskribatu da jadanik. Bare eta lur-marraskiloen taldean adibidez, 14 endemismo inguru deskribatu dira gure lurraldean, eta azken datu honek ere, aberastasun handia dugula adierazten du.

Faunak gaur egun dituen arrisku handienak

Euskal Herriak ingurune fisikoan eta, ondorioz, landaredi eta faunan aldakortasun handia du. Kostaldean, esate baterako, oso ugaria da kaio hankahoria.
M.M. Elosegi

Hainbeste espezieren artean noski, mota guztietako egoerak aurki ditzakegu. Batzuk oso urri dira, inoiz baino ugariago besteak, betirako galtzear daudenik ere bada, eta abar. Espezie bakoitzak izan ditzakeen arazo konkretuetan sartu gabe, hauetxek dira gaur egun Euskal Herriko animaliek oro har dituzten arazo handienak:

Lehenik, habitata edo bizilekua galtzea aipatu behar da. Gizakia aspaldi hasi zen lurralde hau aldatzen, baina azken mendean, populazioaren gorakada eta teknologiaren garapenarekin batera, ingurunea inoiz ez bezala eraldatu da. Urbanizazio berria, errepidea, urtegia, portua, edo dena delakoa egitea gaur egun inoiz baino errazago bihurtu da eta ingurunea aldatzea, normalean, bertan bizi ziren animalien kalterako izaten da.

Habitata galtzeaz gain, kasu askotan honen kalitateak txarrera egin du, eta poluzioa dugu honen adibideetako bat. Ibai eta erreken mende honetako bilakaera esate baterako, negargarria izan da. Edozein herritako adinekok gaztetan karramarroak, izokiak edo eskailuak harrapatzen zituen lekuan, gaur egun edozein gaitz harrapa lezake ura edanda. Era berean, nekazaritzako lurretako produktu kimikoek, pestizida, herbizida eta abarrek alegia, akabatu beharreko animaliak ez ezik, mesedegarriak diren beste asko ere hiltzen dituzte eta kalte handiak sortzen dira. Gaur egun ditugun nekazaritza zein abeltzantza intentsiboetan gisa honetako produktu ugari erabiltzen da, eta oro har, espezie gutxi batzuen ekoizpen handia bilatzen da ingurunea homogeneotuz.

M.M. Elosegi

Animaliak zuzenean hiltzea ere kontuan hartzeko arazoa da. Ehiza eta arrantza esate baterako, ederki planifikatzen ez badira, kaltegarriak izan daitezke oso. Zoritxarrez, urte askotan ez da planifikazio egokirik burutu eta espezie askoren egoerak txarrera egin du iharduera hauen eraginez. Azken urteotan kontrol eta legeria zorrotzagoa ezarri bada ere, hau errespetatzen ez duen jende gehiegi dugu oraindik. Bestalde, errepideetako istripuetan jendea ez ezik milaka animalia ere akabatzen da urtero. Gero eta errepide eta ibilgailu gehiago egoteak eta gero eta azkarrago ibiltzeak noski, arrisku hau areagotu egiten du. Zuzeneko heriotzaz gain, komunikabideek sortzen duten hesi-efektuak populazio desberdinen arteko erlazioa oztopatzen du.

Ezin utziko dugu aipatu gabe, azkenik, aisialdiaren gorakadarekin batera naturgune guztietara zabaldu den hainbat kirolen moda. Mendira eskalatuz igotzea, parapentean salto egitea, mendiko bizikletan edo 4x4 automobilean ibiltzea berez, noski, oso ongi dago. Azken aldian ordea, milaka gara gisa honetako ekintzetan zaletutakoak eta bazter guztietara iristen garenez, jadanik leku lasairik ez da gelditu gure mendietan. Beraz, nahi eta nahi ez iharduera hauek guztiak nolabait kudeatzen saiatu beharko dugu ekintza hauek ingurugiroaren kontserbazioarekin bat egin ahal izateko.

Etorkizunean, zer?

Habitata galtzea, faunak gaur egun duen arazo handiena da. Argazkietan, nekazaritza intentsiboko ureztapena, eta Itoizko urtegiaren lanak 1996.ean.
M.M. Elosegi

Oro har, gizakiak ingurunea nahi izan duen bezala aldatu du, eta moldatzeko gai izan diren espezieak mantendu badira ere, beste askok atzera egin dute. Ezin ahaztu, dena den, azken urteotan gure gizartean gertatzen ari den aldaketa sakona. Duela urte batzuk zaborrak edozein baztarretan botatzea, katagorria patatekin afaltzea, edota hontza hil, disekatu eta telebista gainean jartzea “normala” zen bezala, gaur egun ez. Gogoan ditut neronek txori-afariak egiteko Leitzako okindegiko inguruak zepoz betetzen nituen umetako garaiak, edota marraskiloak eta eskuz harrapatutako amuarrainak salduz irabazitako diruak. Gaur egun ordea, inor gutxik egingo lituzke honelakoak eta, oro har, gizartea nolabait sentsibilizatzen eta kontzientziatzen hasia da.

Besteak beste, errepidea egiteko injeneruek eraginaren azterketa egin behar dute, ehiztari eta arrantzaleak ez dira edozein gauza egitera ausartzen eta umeek eskolan ingurugiro-hezkuntza jasotzen eta natura zaindu egin behar dela ikasten hasi dira. Denborak esango du etorkizunean zer gertatuko den, baina hauek guztiek baikor izaten laguntzen dute. Hala ere, bakarren batek honakoa esan lezake: ingurugiroa babesteko legeria inoiz baino zorrotzagoa den garai honetan, eta, itxuraz, ekologiaz inoiz baino gehiago arduratzen garen urteotan, txikizioak bere horretan jarraitzen duela. Baliteke hala izatea, baina gauzek hobera egingo dutela pentsatu nahi duen horietakoa nauzue...

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia