Euskal biruskontrakoa euskaraz
2001/07/01 Waliño, Josu - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Panda Softwarek garatutako azken biruskontrakoa euskaraz dago erabiltzaileen eskura. Panda Antivirus Titanium da produktu berri horren izena, eta ekainaren hasieratik egongo da merkatuan. Produktu hori, merkatuan dagoen biruskontrako ahaltsuena dela esan dute, eta bai erabiltzeko errazena ere. Orain, gainera, euskaraz ere badago erabiltzaile euskaldunen eskura, Elhuyarrek egin duen itzulpenari esker.
Biruskontrako ahaltsua
Birus berriak egunero sortzen direlako, komenigarria izaten da biruskontrakoa eguneratuta izatea. Horretarako, biruskontrakoaren bertsio berriagoa erosi edo Internetetik behera kargatu egin ohi da, eta ondoren, instalatu. Titanium -ak, ordea, eguneratze automatikoak eskaintzen dizkio erabiltzaileari; horrela nahikoa da biruskontrakoa instalatu eta ahaztea, ez baitago etengabe eguneratzen ibili beharrik. Automatizazio hori honela egiten du: erabiltzailea Internetera konektatzen denean, biruskontrakoak une hori aprobetxatzen du bertsio berriagorik ba ote dagoen aztertu eta, hala bada, behera kargatzeko. Horrela, etengabe eguneratuta egongo da gure ordenagailuaren babesa, kezkatu beharrik gabe.
Gainera, biruskontrakoak duen motor berria edozein birus antzeman eta ezabatzeko gai da, baita posta elektronikoan edo Internetetik behera kargatzen diren fitxategietatik ere. Eta hori Pandaren aurreko biruskontrakoek baino % 30 azkarrago egin dezake. Halaber, gure sistemak izan ditzaken birusak ezabatzeaz gain, horiek eragindako kalteak konpontzeko sistema bat gehitu diote. SmartClean izeneko teknologiaren bidez, birusek eragindako kalteak konpontzen ditu biruskontrakoak.
Nola eskuratu
Panda Antivirus Titanium etxeko erabiltzaileentzat pentsatutako biruskontrakoa da. Erabil erraza eta merkea.
Produktu horren salneurria 4.900 pta. ingurukoa da, eta euskarazko bertsioa www.elhuyar.com/ denda helbidean ere eros daiteke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia