}

Europako Batasuneko Zientzialari Gazteen 13. Lehiaketa

2001/09/24 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Joan den ostiralean banatu ziren Norvegian Europako Batasuneko Zientzialari Gazteen 13. Leihaketako urteroko sariak. Bertan Austria, Alemania eta Erresuma Batuko lau gazte izan ziren lehenengo sariak eskuratu zituztenak.

Aurten medikuntzako, biologiako eta lurraren zientziatako hiru lanek jaso dute lehenengo saria Europako Batasuneko Zientzialari Gazteen 13. Leihaketan. Aurkeztu diren 65 lanen artean irabazle suertatu diren lan horiek larruazaleko gaixotasunak, legamien erresistentzia drogekiko eta hodeiak aztertzeko irudi-tratamendua landu dituzte.

Europako 15 eta 20 urte bitarteko 95 gazte aurkeztu dira leihaketara, besteak beste geologia, biologia, kimika, informatika, matematika, biokimika, ingurugiro-zientziak, medikuntza, fisika eta ingeniaritza alorretan. Saridunen artean diru-kopuru desberdinak banatuko dira: lehenengo saria 5.000 eurokoa izango da, 3.000 eurokoa bigarrena eta 1.500 eurokoa hirugarrena.

Irabazle suertatu den James Lee Mitchell Erresuma Batuko 18 urteko gazteak Candida tropicalis legamiak hainbat drogekiko duen erresistentziaren mekanismo biokimikoa aztertu du lan horretan. 18 urteko Sebastian Abel irabazle alemaniarrak, ordea, satelite bidez jasotako Lurraren atmosferako irudiak aztertu ditu. Lur zein itsaso gaineko hodeiak konparatu ditu, haiek hodeien irudietan duten eragina zehaztu ahal izateko. Era horretara, lurralde berean uhin-luzera desberdinetan eginiko argazkiak konparatuta, hodeiak eta lur gaineko elurra bereizteko bidea aurkitu du. Bestetik, hodeien itzalen proiekzioaz beren goiko eta beheko mugak zehaztu nahi izan ditu. Proiektu horrek irudi-tratamendurako irtenbide zentzuduna eman dezake.

Austriako Thomas Aumeyr eta Thomas Morocutti 19 urteko gazte irabazleek, bestalde, azaleko gaixotasunak erradiazio ultramoreen aplikazioaz tratatzeko proiektua aurkeztu dute. Gaur egun erabiltzen diren aparatuek tratatu beharreko zatiaren inguruko larruazal osasuntsua kaltetzen dute neurri handi batean. Bi gazteek proposatutako sisteman, kamera digitala eta erradiazioak igortzen dituen aparatua ordenagailu batez elkarri lotu dituzte. Kamera digitalak kaltetutako larruazalaren ingurua ondo zehazten lagunduko du, eta horri konektatutako aparatuak erradiazioak azal-zati horretara soilik igortzea ahalbidetuko du.

Europako lehiaketa honetan parte hartzeko, beharrezkoa da aurretik lan horiek norberaren herrialdean Zientzialari Gazteen Lehiaketan sariren bat jasota izatea. Aurten 30.000 gazte inguruk aurkeztu dituzte lanak estatu mailako lehiaketetan, eta horietatik 65 lan baino ezin izan dituzte aurkeztu Europar Batasuneko lehiaketan.

Hala ere, Europako lehiaketa urtero ospatzen da; hurrengoa Vienan izango da, 2002ko irailean.

Informazio gehiago http://www.eucontest.org helbidean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia