}

Europa hozten ari da

2000/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Paris Montreal baino iparralderago dago, baina bertako klima askoz leunagoa da. Europaren mendebaldean bizi garenok asko zor diogu Golkoko ur-lasterrari, izan ere, hark Mexikoko golkotik dakarren ur beroari esker da gure klima Ipar Ameriketakoa baino epelagoa. Golkoko ur-lasterrak joan-etorriko bidea egiten du Mexikoko golkotik Norvegiaraino, ur beroa ekarriz eta ur hotza eramanez. Ur-lasterrak bi ponpa nagusi ditu, bata Labrador-eko itsasoan eta bestea Groenlandiako itsasoan eta, horiei esker, ur-lasterraren mugimenduak bere horretan irauten du.

Planetaren beroketaren ondorioz Golkoko ur-lasterrak mugitzeari utz ziezaiokeela iradoki zuten zenbait zientzialarik duela urte batzuk, baina orduan ez zuten inolako frogarik. Orain ordea, froga horiek aurkitu dituztelakoan daude ikertzaile batzuk.

Bill Turrel zientzialariak 1893tik Shetland eta Faroe irlen artean egindako gazitasun-mailaren 17.000 neurketa baino gehiago aztertu ditu eta azken bi hamarkadetan itsaso haietako uren gazitasun-maila eta, ondoriz, baita dentsitatea ere, 10 g gatz-ur m3-ko jaitsi dela ondorioztatu du. Aldaketa azken 100 urteetako handiena da (50.eko hamarkadan itsas aparatuak kalibratzeko erabiltzen zen gazitasun-maila, hain zen balio egonkorra) eta bat dator egindako beste neurketekin: 1988 eta 1997 urteen artean -0,5 ºC-tan dagoen uraren maila 60 m igo da; 1982-83 urteetan ur sakonak 10 cm segundoko abiaduraz mugitzen ziren hegoalderantz (Golkoko ur-lasterra bultzatuz) Groenlandiako itsasotik Norvegiako itsasorantz, baina 1983-93 urteetan kontrako noranzkoan mugitu ziren 1 cm segundoko abiaduraz.

Datu horiek guztiak ozeanoko ur-lasterretan aldaketak gertatzen ari direlako frogak diren arren, ezin da ondorioztatu planetaren beroketa denik aldaketaren erantzulea; baliteke jatorria naturala izatea ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia