}

Etxea txukun, espazioan batez ere

2007/06/24 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Aspergarriak, gogaikarriak, astunak, nekagarriak... horrelakoak dira askorentzat etxeko garbiketa-lanak. Hala ere, egin beharrekoak dira; bestela, gero eta zikinkeria gehiago pilatzen da etxean, eta, azkenerako, osasunerako kaltegarria ere bihur daiteke zikin artean bizitzea. Eta hori etxe guztietan gertatzen da, baita espazioan ere.

Era guztietako mikroorganismoak hazten ziren errusiarren espazio-estazioan.
(Irudia: NASA)

Areago, espazioan bereiziki garrantzitsua da garbitasuna. Horregatik, espazio-ontziak ia esterilizatuta ateratzen dira Lurretik, eta astronautek etengabe arduratu behar dute zikinkeria-arrasto txikiena ere berehala ezabatzeaz.

Baina, doan lekura doala, gizakiak beti daramatza mikroorganismoak berekin, eta haiek erabat desagerraraztea ez da inolaz ere erraza. MIR espazio-estazio errusiarrean, adibidez, garbi geratu zen hori, NASAkoek ederki frogatu zutenez.

Era guztietakoak

1990eko hamarkadaren amaieran, MIR estazioko mikroorganismoak aztertzeko programa batean parte hartu zuen NASAk . Berez, iraupen luzeko misioetan zer mikroorganismo haz daitezkeen ikertu nahi zuten NASAkoek, eta MIR espazio-estazioa horretarako leku egokia izan zitekeela iruditu zitzaien.

Onddoak Nazioarteko Espazio Estazioan, ariketa fisikoa egin ondoren arropak zintzilikatzen dituzten panelean.
(Argazkia: NASA)

Hain zuzen, MIR estazioak 15 urte egin zituen Lurraren orbitan, eta, denbora horretan, hainbat alditan eten zitzaien elektrizitatea. Ondorioz, tarte batzuetan, tenperatura eta hezetasuna behar baino altuagoak izan ziren; mikroorganismoak hazteko kondizio ezin hobeak, alegia.

Hala, 1998an, astronauta estatubatuarrek pare bat bisita egin zituzten MIRera, eta airearen eta azalen laginak hartu zituzten, MIReko txoko guztietan: kontrol-zentroan, jangelan, logelatan, komunetan, gimnasioan eta azterketa zientifikoak egiteko tresnerian.

Hasieratik konturatu ziren era askotako mikroorganismoak topatuko zituztela. Hain juxtu, laginak hartzeko estazioko hainbat panel kendu zituztenean, ur-globoak topatu zituzten haien atzean ezkutatuta. Nonbait, denborarekin, hezetasuna kondentsatu egiten zen, eta tantak elkartu egiten ziren, mikrograbitatearen eraginez. Aire-korronteek ura panelen atzera eramaten bazuten, harrapatuta geratzen zen.

Panelen atzealdean 28 ºC-ko tenperatura zegoen, mikroorganismoak eta onddoak hazteko aproposa. Beraz, espero bezala, denetik aurkitu zuten lagin haietan: bakterioak, onddoak, protozooak, akaroak... Horrez gain, espazioko jantzietan, leihoen gomazko junturetan, kableen eta hodien isolatzaileetan, eta komunikazioko tresnerian ere mikroorganismo-kolonia ugari topatu zituzten.

LOCAD-PTS

Astronautek ondo baino hobeto garbitu behar dute dena, bestela gaixotzeko arriskua baitute.
(Argazkia: NASA)

Dena dela, mikroorganismoak ez ziren MIRen bakarrik hazi, Nazioarteko Espazio Estazioan (ISS) ere badaude. Eta arriskutsuak dira, bai astronauten osasunerako, bai espazio-ontzien egiturarako. Besteak beste, bi material desberdin elkartzen diren lekuetan korrosioa eragin dezakete, metala, beira eta goma suntsitzen dituzten azidoak sor ditzakete, eta ur-eta aire-iragazkiak honda ditzakete.

Arazo horiei aurrea hartzeko, mikroorganismoak detektatzeko laborategi eramangarri eta azkar bat ari dira garatzen NASAko ingeniariak. LOCAD-PTS izena jarri diote tresnari, eta gai da minutu gutxian edozein azaletan edo airean mikroorganismorik badagoen eta zer motatakoa den jakinarazteko.

Ohiko metodoan, jasotako laginak laborategira eramaten dira, eta, han, hazkuntza-ingurune desberdinetan jartzen dira. Gero, hazkuntza-labeetan edukitzen dira, eta 24-36 ordu tenperatura altuan igaro ondoren, zer hazi den begiratzen dute. Tresna berriak, berriz, ia berehala emango du emaitza. Itxuraz, aurrerapen handia izango da astronautentzat. Ea hurrena etxeko garbiketak hain astunak ez izateko zerbait asmatzen duten!

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia