}

Etorkizuneko txipak, arazo-iturri

1999/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Elektronika-arloko konpainia garrantzitsuenetako injineruek etorkizunean erabiliko diren txipak ez direla erabat fidagarriak izango esan dute. Texas Instruments, Intel eta STMicroelectronics etxeetan egin diren ikerketen arabera, gero eta txikiagoak izango diren txipak erradiazio naturalen ondorioz memoria-zatiak gal ditzakete. Bat-bateko memoria-galera horiek sekulako arazoak eragingo lituzkete, hala nola abioi komertzialen kontrol-sistemen hutsegiteak.Gaur egungo ordenadoreetan 330-250 nanometroko transistoreak dituzten mikrotxipak erabiltzen dira. Txip hauetan erradiazioak sortutako matxurak gutxitan gertatzen dira, eta normalean birusen ondoriotzat hartu izan ohi dira.

Hurrengo hamarkadan, ordea, ordenadore arruntetan 180 nanometro baino gutxiagoko transistoreak erabiliko direla uste da, eta hauek aktibatzeko behar den karga elektrikoa oso txikia denez, erradiazio naturalek eragina izan dezakete. Adibidez, abioi komertzialek altitude handian doazenean Hondoko Erradiazioak txipen memoria-galera eragingo luke. Kanpoko erradiazioaz gain, ordenadoreen osagai batzuk ere –soldaduretako beruna, siliziozko moldeak– erradioaktiboak direnez, ordenadoreak babesgarri batez inguratzea ez litzateke nahikoa izango.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia