}

Etorkizuneko teknologiaz galdezka

2000/07/09 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Time aldizkaria behin baino gehiagotan jartzen da etorkizunari begira eta behin baino gehiagotan hasten da galderak egiten. Askotan erantzunak fikziotik zientziatik baino gertuago egoten dira eta, hori gehienetan gehiegi gustatzen ez zaigun arren, igande goiz honetan etzan zaitez lasai, burukoa ondo jarri, eta utzi hegan egiten irudimenari. Etorkizuneko teknologiaren txanda.

Burmuinean txip-ak jarriko dizkigute?

Beharbada bai, baina ez denbora askorako. Bioinjinerutzarentzat siliziozko txipak kristalezko zatikiak besterik ez dira. Giza burmuinean txipak jartzea teknikoki posible da, baina ez da dotorea ezta beharrezkoa ere. Medikuntzak eta militarrek izango dituzte -edo aurkituko dituzte- horrelakoak egiteko arrazoiak, baina ez dute asko iraungo. Izan ere, konputazio biologikoaren eta nanoteknologiaren arloetan aldaketak sarri eta bizkor gertatzen dira; beraz, teknologia hori denbora gutxira atzeratuta geratuko litzateke. Eta alderantzizko prozesua egitea? Neuronak ordenagailuetan jartzea? Bai, jakina, baina ez horrela ulertuta, baizik eta gero eta tresna adimentsuagoak egingo ditugulako.

Etorkizuna robotena da?

Nanoteknologiaren aldekoen arabera, etorkizunean nanorobotek denetik egingo dute, itsasontziak egitetik janaria ekoizteraino, eta jakina, nanorobot gehiago. Mundu honetako gauza guztiak molekulaz osatuta daudenez, printzipioz nanomakinak edozein gauza eraikitzeko gai izango lirateke. Baina dena ez da hain polita. Izan ere, molekulaz molekula zerbait egiten ari den nanorobota hondatuko balitz, zer gertatuko litzateke? Nola geratarazi?… zalantza hor dago. Dena den, nanoteknologiak aginduko du datozen urteotan.

Nolakoak izango dira biharko elikagaiak?

Edo beste modu batean esanda, etorkizuna genetikoki eraldatutako elikagaiena izango da? Europarrok, oro har, elikagai transgenikoen aurka gaude, hori argi samar dago. Hemen ez dago elikagai bioteknologikoen premia handirik, bestelakoetatik ere ondo baino hobeto hornituta gaudelako. Garapen-bidean edo gose-egoeran dauden herrialdeetan auzia galdera bakarrera mugatzen da: bioteknologiaren onurak arriskuak baino handiagoak dira? Bioteknologiak arazoaren parte bat konpon dezake, baina ez guztia. Izan ere, genetikoki eraldatutako barazkiek ezin ezabatuko dute gosea, nekazariak ez badute barazki horiek landatzeko behar den dirurik edo herritarrek ezin badituzte produktu horiek ordaindu.

Zerbaitek ordezkatuko du Internet?

Internet oso gauza berria da, berriegia agian etorkizunean pentsatzen hasteko. 60ko hamarkadan sortu, 90ekoan orokortu, eta gaur egun 300 milioi erabiltzaile inguru ditu. Hemendik 20 urtera nolakoa izango da Internet? Aditu guztien arabera, 2020. urtean Internet toki guztietan egongo denez, ez da Interneti buruz hitz egingo. Etxetresna elektriko guztiek Internetera sartzeko aukera izango dute, diru-zorro digitalak egongo dira, kamera digitalak sarearekin bat egiteko gai izango dira… eta hori guztia gutxi balitz -fikzioaren eremuan barrena- tresna txiki-txikiak egongo direnez, giza gorputzean ere sartu ahal izango dira. Horrela, gizakiok ere Internetekin konexioa egiteko gai izango gara. Hortaz, bizitza pribaturik ez dugu izango, edozein toki eta unetan informazio piloa eskuratu ahal izango dugu…. Eta birus informatikoek erasotzen bagaituzte?

Ordenagailuak gu baino azkarragoak izango dira?

Guk adina adimen izateko ordenagailuek hainbat ezaugarri bete beharko dituzte. Horietako bat kalkulu-gaitasuna da. Gizakiona segundoko 20.000 milioi milioikoa dela uste dute adituek: 100.000 milioi neurona omen ditugu, horietako bakoitzak 1.000 lotura omen ditu beste neuronekin, eta konexio bakoitzak segundoko 200 eragiketa inguru egin omen ditzake. Gaur egungo txipek ez dute horrelako gaitasunik, baina etorkizunekoek izango dute.

Bestalde, nanorobotak erabilita 2030. urterako burmuinaren diseinua kopiatu eta ordenagailuetan txertatu ahal izango dela uste dute. Ordurako, ordenagailuen kalkulu-gaitasuna gizakiona baino handiagoa izango denez, makinak gizakiak baino azkarragoak izango dira.

Teknologia bizkorregi aldatzen da?

Bioteknologia, nanoteknologia eta ordenagailuak autoazelerazioaren bidez egiten dute aurrera. Txip berriak berehala txip azkarragoen belaunaldi berriagoak sortzeko erabiltzen dira; nanoteknologiak eta bioteknologiak beste hainbeste egiten dute eta haratago doaz, batak bestea bizkortzen baitu. Hain teknologia ezegonkor eta aldagarrietan oinarritutako gizarteak ezaugarri berak izango ditu; hortaz, badirudi bizkorregi doazela. Beharbada gertu egongo da stop egiteko eguna.

Maila altuko teknologia atzean geratuko da?

Dudarik ez, horrela gertatuko da. Gurpila, geziak, aizkora… noizbait maila altuko teknologia izan ziren; gaur, berriz, iraganetik hurbilago daude etorkizunetik baino. Denborarekin maila altuko teknologia guztiak maila baxuko teknologia bihurtzen dira, egunerokotasunaren parte izatera pasatu eta objektu berriek zaharrak ordezkatzen dituztenean. Datozen urteotan gaur egungo maila altuko teknologia atzeratuta geratuko da, arazoak ez direlako informatikaren edo injinerutzaren bidez konponduko, baizik eta biologiaren eta partikula mikroskopioen laguntzaz.

Zibergaizkileak jaun eta jabe izango dira?

Zientzia-fikziozko hainbat filmetan horrelako pertsonaiak gero eta arruntagoak dira, kode sekretu ugari erabili eta munduko jabe egiten direnak. Errealitatea hala ere -horrela diote segurtasunaz arduratzen direnek- oso bestelakoa da, kode sekretuen aurka lanean ari direnak askoz ere gehiago baitira. Borroka horren ikurra FBI da. Hori kontuan hartuta, batek daki zer den hobea, zibergaizkileak edo FBItarrak nagusitzea.

Silizioa ordezkatuko dute?

Moore Legearen arabera, gutxi gorabehera 18 hilero txip-ekoizleek siliziozko plaketan sartzen den transistore-kopurua bikoizten dute. Baina Fisikaren legeen arabera, bikoizte-erritmo horri ezin eutsiko zaio beti. Horren arabera, uneren batean transistoreak molekulen tamainakoak izatera irits daitezke, eta orduan mekanika kuantikoaren arauak sartuko dira jokoan. Eta orduan gauzak aldatu egingo lirateke, elektroien jokaera anarkiko samarra izango bailitzateke. Edozelan ere, transistoreak mugatik oso gertu daude. Beraz, gaur egun silizioaren alternatibak ikertzen ari dira, maila teorikoan besterik ez bada: ADN konputagailua, konputagailu molekularrak eta konputagailu kuantikoak.

Gidatu egingo dugu ala gidatu egingo gaituzte?

Lotu gerrikoak, autogintzaren etorkizuna dagoeneko hementxe da-eta. Gaur egungo auto berrienek sekulako aukera teknologikoak eskaintzen dituzte: gauean hobeto ikusteko izpi infragorriak, satelite bidezko informazioa, labaintzen ez duten balaztak, abiadura automatikoki egokitzen duten tresnak… . Autogintzako erraldoien arabera, laster autopista adimentsuak izango ditugu. Milioika sentsore jarriko dira eta sentsoreen laguntzaz gidatu ahal izango da. Orduko 190 kilometroko abiadan joango gara, aurretik eta atzetik dugun autoetatik zentimetro gutxi batzuetara. Eta kezkatzeko arrazoirik izango dugu? Ez, autoak erabat automatizatuta egongo omen dira. 1939. urtean ere, General Motors-ek autogintzarentzat antzerako etorkizuna iragarri zuen New York-eko Nazioarteko Erakusketan. Pentsa zenbat urte iragan diren, eta iragarritakoak oraindik amets izaten jarraitzen du.

Ez litzateke arraroa izango lerro hauetako gainerako iragarpenekin ere gauza bera gertatzea, hasieran esan baita errealitatea baino fikzioak izan daitezkeela.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia