}

Etorkizuneko energi iturriak

1991/11/01 Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Jende arruntari 1973.eko energi krisiaren eragilea zein izan zen galdetuz gero, petrolio-prezioen ustegabeko igoerak sorterazi zuela dateke erantzunik zabalduena seguruenik. Sakonagoko beste arrazoi batzuek eragin zuten energi krisia.

Energi krisia azken hogei urteotan politikari eta ekonomilariek erabili duten esaldi magikoetako bat izan da. Gainera, aipatu krisia gure gizarte aurreratuen gaitz gehienen iturri eta kausatzat jo dute. Dena den, krisi hitza azken aldian ezkutatu samarra egon da akaso. Kontzeptu hori gutxixeago erabili ei da alegia, eta erabili denean beste testuinguru eta gizarte-maila batzuetan izan da. Hala eta guztiz ere, 1973.ean gizartegaratuen egitura ekonomikoa kinka larrian jarri zuten arrazoirik sakonenek, energi iturri bakar batekiko menpekotasun handiak besteak beste, tinko diraute oraindik.

Jende arruntari 1973.eko energi krisiaren eragilea zein izan zen galdetuz gero, petrolio-prezioen ustegabeko igoerak sorterazi zuela dateke erantzunik zabalduena seguruenik. Alabaina, OPEP erakundeak bultzaturiko petrolio–salneurrien igoera krisiaren detonatzailea baino ez zen izan. Sakonagoko beste arrazoi batzuek eragin zuten energi krisia.

Faktore horiek gainera, ez dira koiunturalak; egiturazkoak baizik. Eta oinarrizko kausa horien artean energi iturri bakar batekiko menpekotasun handiegia da, ene aburuz, garrantzitsuena.

Britania Haundiko eta Estatu Batuetako energi iturriak 1850-1950 urteen bitartean. Harrikatzaren nagusitasuna nabarmena da XIX. mendeko Britainia Haundian. Estatu Batuetan lehentxeago hasi zen petrolioa ikatza ordezkatzen.

Dena den, akats hori ez da gure gizarte teknologikoarena soilik. Giza historian zehar horrelaxe gertatu da beti. Historiari begiratzen badiogu, nabarmen ageri da menpekotasun hori.

Gizakiaren historian, egurra izan da milaka urtetan zehar energi iturri nagusi eta ohizkoena. Gizaki primitiboengandik hasi eta gutxi gorabehera XVII. mendearen bukaera arte, elikagaiak prestatzeko, etxeak berotzeko edo industria hornitzeko ia energi iturri bakarra izan da egurra. Animalien indarrak eta duela bizpahiru mila urte garatutako haize-eta ur-errotek bigarren mailako zeregina izan dute 1 .

XVIII. mendean lurrin-makina asmatu ondoren, harrikatzak gero eta garrantzi handiagoa izan zuen; industri eremuan batez ere. Mendebaldeko gizarte aurreratuetan ikatzak nagusitasun osoa hartu zuen XIX. mendearen bukaerarako 2 .

Petrolioarekiko menpekotasuna berria da eta mendebaldeko gizarte aurreratuetan eta mende honen hasieran nagusitzen hasi zitzaion petrolioa ikatzari 3 . Historiari eman diogun errepaso labur honetan ikusi dugunez, energi iturri bakar batekiko menpekotasuna ia erabatekoa izan da. Beraz, ez da harritzekoa energi iturri horietako baten eskuragarritasuna aldatzen denean gizartea kinka larrian jartzea.

Menpekotasuna argi eta garbi azaltzen da Espainiako energi hornikuntzaren banaketa aztertzen badugu, (1986.eko datuak).

PORTZENTAIA

ENERGI ITURRIA

% 67
% 13
% 12
% 5
% 3

petrolioa

hidroelektrizitatea

ikatza nuklearra

gas naturala

Beraz, petrolioaren inguruko edozein gorabeherak oso eragin handia du Espainiako energi eskuragarritasunaren egoeran.

Bestalde, 1973.eko petrolio-krisia balio handikoa izan zen hiru puntu nagusi eta garrantzitsu agerian jarri zituelako:

  • Petrolioa (erregai fosilak oro har) ez da betirakoa. Milioika urtetan Lurrean pilatutako energi kapitala erabiltzen ari gara.
  • Energi zarrastalkeria handia.
  • Energi iturri alternatiboen beharra.
Britania Haundiko eta Estatu Batuetako energi iturriak 1850-1950 urteen bitartean. Harrikatzaren nagusitasuna nabarmena da XIX. mendeko Britainia Haundian. Estatu Batuetan lehentxeago hasi zen petrolioa ikatza ordezkatzen.

Gaur egun esku artean ditugun datuen arabera petrolioa egungo neurrian kontsumitzen segitzen badugu, datorren mendearen erdi alderako ezagutzen diren erreserba eta baliabideak agortu egingo dira. Ezagutzen ditugun erreserbak 30 bat urteko kontsumoa segurtatzeko adina dira eta baliabideek beste horrenbeste luza dezakete epe hori 4 .

Ondorioz, petrolioa gero eta preziatu eta garestiagoa izango da, nahiz eta, esaterako, oraingo prezioak duela hamar urtekoak baino merkeagoak izan. Gainera, petrolioa gizarte aurreratuen estatusa posible egiten duen industria kimikoan erabilitako lehengai askoren jatorria da. Petrolio-eratorriak plastiko, intsektizida, botika eta produktu kimiko askoren oinarri dira. Horrexegatik, petrolioa erretzea luxu handiegia izan daiteke etorkizunean.

Ikatz-erreserbak petroliozkoak baino handiagoak dira eta beste hirurehun bat urte iraun dezakete. Ikatzak eta bere deribatuek petrolioa ordezka dezakete neurri handi batean (industria kimikoaren lehengaiak lortzeko ere bai), baina ordezkapen horrek ikatz-kontsumoa handiagotu eta erreserben iraupena laburtu egingo du.

Bestetik, energi krisiak energi zarrastalkeriaren murrizketa ekarri duela ezin uka. Prozesu bera egiteko orain, duela hamabost urte baino energia gutxiago kontsumitzen da. Adibiderik adierazgarriena automobila izan daiteke. 1970.eko hamarkadaren hasieran ehun kilometroko 10-12 litro gasolina kontsumitzen zituen automobil normalak. Egun ordea, zifra hori astakeria onartezintzat jotzen da. Zazpi bat litro ehun kilometroko da gehienez onar daitekeen kontsumoa.

Honelako presa txiki ugari eraiki zen Euskal Herrian. Herri txikien edo lantegien energi beharrak asetzeko egin ziren. Gerra ostean, konpainia elektriko handiek beren eragina zabaldu zutenean baztertu egin ziren eta konpainia horiek energi egitura erraldoiak nahiago izan zituzten. Egun, txikitasunaren lilura berreskuratze-bidean omen dago eta zentral elektriko txikiek, ingurugiroari kalte gutxi egiten diotenek, berpizkundea ezagutu dezakete. Irudian Alkizako Mandaerrekako presa eta ur-jauziaren hodi lodikotea. Egun utzita daude.
Argazkiak: I.X.I.

Etorkizuneko energi iturriez hitz egiten jarri aurretik oso ohar garrantzitsua egin behar da nere eritziz. Gure artean, energi krisia aipatzen denean petrolio-krisiaz pentsatzen da beti eta hori, beste kasu askotan legez, oso ikuspegi eurozentrista da 5 . Izan ere, energi krisiak beste aurpegi bat dauka munduko biztanleria gehienarentzat. Munduko 2.000 milioi lagunek, Hirugarren Munduko zatirik handienak, egurra erabiltzen dute elikagaiak prestatzeko energi iturri gisa eta pertsona horientzat egur-eskasiak ekarri du energi krisia.

Hirugarren Munduko 1.500 milioi lagunek zailtasun handiak dituzte egunero janariak egosteko edo etxea berotzeko behar duten egurra lortzen. Gainera, basoa presio handien menpe jartzen ari dira, horrek ekar ditzakeen ondorio ekologiko guztiak areagotuz. Hirugarren Munduko pertsona batek eguneko 3,5 kilo egur bakarrik behar du (makila gutxi batzuk). Hala ere, zuhaitzen botatze-erritmoa hazte-erritmoa baino handiagoa da. Egun, Hirugarren Munduko Herri asko beren etorkizunerako baliabideak erretzen ari dira.

Etorkizuneko energia

Etorkizuneko energiaz hitz egiteko unean, lehen lehenik galdera honi erantzuna eman beharko litzaioke akaso: Zein da etorkizuneko energi politikaren oinarrizko estrategia?

Ene ustez energi estrategia horrek bost ardatzi segitu behar die: dibertsifikazio, berriztagarritasun, aurrezki, garbitasun eta tokikotasunari.

Dibertsifikazioa.

1973.eko energi krisiak zerbait nabarmendu badu, gizartea energi iturri bakar batean oinarritu ezina da. Etorkizuneko energi politikak energi iturri guztiak kontutan hartu behar ditu eta guztiak sare egoki batean txertatu. Horrela, batek huts eginez gero ez luke gizarteak porrot egingo.

Honelako presa txiki ugari eraiki zen Euskal Herrian. Herri txikien edo lantegien energi beharrak asetzeko egin ziren. Gerra ostean, konpainia elektriko handiek beren eragina zabaldu zutenean baztertu egin ziren eta konpainia horiek energi egitura erraldoiak nahiago izan zituzten. Egun, txikitasunaren lilura berreskuratze-bidean omen dago eta zentral elektriko txikiek, ingurugiroari kalte gutxi egiten diotenek, berpizkundea ezagutu dezakete. Irudian Alkizako Mandaerrekako presa eta ur-jauziaren hodi lodikotea. Egun utzita daude.
Argazkiak: I.X.I.

Berriztagarritasuna.

Arrazoizko epe batean edo inoiz agortuko ez diren energi iturriak erabiliko beharko dira batez ere. Horrek ez du esan nahi epe ertainean energia berriztaezinak erabili ezin direnik; trantsizio-tarte batek halabeharrez egon behar duela ukaezina denean batez ere. Oraindik petrolioak, ikatzak eta fisiozko energia nuklearrak pisu handia izango dutela argi eta garbi dago.

Aurrezkia.

Energia baliabide preziatua da eta ezin da alferrik galdu. Horrexegatik energi produkzio, garraio eta erabilpenerako sistemak maximoraino optimizatu beharko dira energiarik ez xahutzeko. Adibidez, 1960.eko hamarkadan telebista–aparatuek ehundaka watt kontsumitzen zituzten, oraingoek 90 watt behar dituzte eta hamarkada honen erdi aldean plazaratuko diren kristal likidozkoek 5 watt bakarrik.

Garbitasuna.

Etorkizuneko energi iturriek ingurugiroan ahalik eta kalte eta eraginik txikienak sortu behar dituzte. Hau baztertu ezinezko baldintza da. Orain arte gertatutako ekologi hondamendiak, berotegi efektua eta euri azidoa besteak beste, onartezinak izango dira etorkizunean.

Tokikotasuna.

Etorkizuneko energi hornikuntzarako estrategiak ezin du erantzun globaletan bakarrik gelditu eta tokian tokiko ezaugarrietara moldatu beharko du. Esan nahi bait da, munduko eskualde beroetan adibidez eguzkitiko energia energi iturri garrantzitsu bezala planteatzea egokia dela; herrialde hotzetan ordea, bigarren edo hirugarren mailako zeregina izango duela.

Tokikotasun honen barruan energi hornikuntzarako eskema txikien garrantzia ere azpimarratu nahi dut. Izan ere, energia hidroelektrikoan esaterako presa txiki lokaletan oinarritutako eskema bat, presa handi bakar batean oinarritutakoa baino egokiagoa izan daiteke kasu batzuetan.

Etorkizuneko energi iturrien mamian murgilduz, ondoko eskemak energi iturri horiek zeintzu izango diren adierazten du.

ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

- Bioenergiak

  • egurra
  • konposatu oxigenatuak (nekazal hondakin eta soberakinak)
  • biogasa

- Energia Naturalak

  • energia hidraulikoa
  • eguzkitiko energia
  • haizeen energia
  • Itsasoen energia
  • olatuak
  • mareak
  • energia termikoa
  • energia geotermikoa

- Bestelakoak

  • hidrogenoa

ENERGIA BERRIZTAEZINAK

- Energia fosilak

  • petrolioa
  • ikatza
  • gas naturala

- Energia nuklearra

  • fisioa
  • fusioa

Azter ditzagun banan-banan.


  1. Petrolioaren krisia ez da historiako energi krisi bakarra izan, eta esaterako, beste krisi ekonomiko larri bat egon zen XVIII. mendearen hasieran Britainia Haundian egur- eta egurrikatz-eskasia zela eta.
  2. XIX. mendearen bukaeran Britainia Haundiko energi hornikuntzaren % 90ak ikatzean zuen jatorria.
  3. Honakoa azpimarratu behar da: energi iturri batetik beste baterako aldaketa ez dela bapatean eta toki guztietan aldi berean gertatu. Ordezkaketan tokiko faktoreek, energi iturri jakin bat ugaria izateak esaterako, eragin handia dute. Britainia Haundian petrolioa ikatzak mantsoago ordezkatzea oso normala da Herri horrek dituen ikatz-erreserba handiak kontutan hartzen baditugu. Euskal Herrira etortzen bagara, mende honen hasiera arte ez zuen harrikatzak egurrikatza errementerietan ordezkatu.
  4. Honakoa azpimarratzea garrantzitsua da: erreserbak ezagutzen duguna dira eta baliabideak ustez dagoena da.
  5. Eurozentrismo hitzarekin mendebaldeko gizarte garatua esan nahi dugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia