}

Etorkizunean ez dira diamante asko sortuko

2002/09/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Diamanteak oso preziatuak dira, ez bakarrik beren itxuragatik, baita aplikazioengatik. Noski, hain urriak izateak garestitu egiten ditu. Science aldizkarian argitaratu denez, diamanteak Lurra gaztea zenean sortu ziren eta etorkizunean ez dira askoz gehiago sortuko.

AEBetako Washingtongo Carnegie Institutuko geologoek, diamanteak nola eratzen diren aztertu ondoren, diamanteak non dauden erakusten duen mapa egin dute. Mapa hori egiteko, Afrikaren hego-ekialdeko lurrikaren datuak bildu dituzte 20 urtean; izan ere, lurralde hori oso ospetsua da, beste inon baino diamante gehiago dagoelako.

Lurrikarek bi uhin-mota sortzen dituzte: P uhinak sakoneran zabaltzen direnak, eta S uhinak, zabalean hedatzen direnak. Lurrazala eta mantua zeharkatzean P uhinek duten abiadura neurtuta, diamanteak sortzen diren tokiko arroken konposizioa zein den jakin dute geologoek. Horretaz gain, diamanteen ezpurutasunak aztertu dituzte, arrokek zenbat urte dituzten eta nola eratu ziren jakiteko. Nonbait, gutxi batzuk izan ezik, ia diamante guztiak duela mila milioi urte baino lehenagokoak dira.

Jainkoen malkoak edo izarren printzak

Grekoentzat, diamanteak jaikoen malkoak ziren. Erromatarrek, berriz, izar iheskorren ezpalak zirela uste zuten. Gaur egun, jakina da diamanteak 50.000 atmosferako presioan eta 200 km-ko sakoneran sortzen direla. Kondizio horietan karbonoa hainbeste trinkotzen denez, egitura aldatu egiten da eta sare kristalinoa osatuz antolatzen dira karbono atomoak. Eratu ondoren, sumendien magmak kanporatzen ditu diamanteak. Hala ere, eratze-prozesuaren hainbat alderdi argitu gabe daude oraindik.

Diamanteak noiz sortu ziren ikusita, geologoek hiru belaunalditan bereizi dituzte. Lehenengo belaunaldia duela 3,3 mila milioi urte inguru sortu zen. Lurraren lehen aro geologikoaren lekuko dira, eta ezagutzen diren arroka zaharrenak dira. Geologoak gai dira Hego Afrikaren lurrazpiko zein tokitakoak diren jakiteko.

Bigarren belaunaldia geroxeago sortu zen; duela 2,9 mila milioi urte gutxi gorabehera. Aurrekoak baino hedatuago daude Lurraren mantuan, eta beste era batera eratu ziren. Bigarren belaunaldiko diamanteen ezpurutasunak aztertuta, sakonera gutxiko itsaso baten azpian zeuden arroketatik sortu zirela uste dute ikertzaileek. Arroka horiek Lurraren barnealdera joan ziren nolabait, eta, presioaren eta beroaren eraginez, jatorri biologikoko karbono-metaketak diamante bihurtu ziren.

Hirugarren belaunaldikoak, gazteenak, orain dela 100 milioi urte inguru sortu ziren. Urrienak eta ezezagunenak dira. Oraindik ez dakite nola sortu ziren, baina, nolanahi ere, orain ez direla askoz gehiago sortuko uste dute geologoek. Haien esanean, diamanteak eratu ziren garaian beste kondizio batzuk zeuden. Agian, Lurraren barnealdea beroagoa zen, edo arroken konposizioa pixka bat desberdina zen. Dena dela, zerbait aldatu egin da ordutik, eta diamanteak Lurraren gaztaro geologikoarekin daude lotuta.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia