Estralurtar gizagaixoak eta artsenikoa
2011/01/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Imajinazio eskasa dute, antza. Denerako erabiltzen dituzte estralurtarrak: beste exoplaneta bat aurkitu dutela, Marten edo Ilargian ura topatu dutela edo beste planeta edo ilargiren batean atmosfera berezia deskubritu dutela komunikabideei jakinarazteko, estralurtarrak sartzen dituzte tartean.
Oraingoan ez dute desberdin jokatu. Berez, Kaliforniako Mono aintziran bakterio berezi-berezi bat identifikatu dutela aldarrikatu behar zuen NASAk, eta, nola ez, orain ere asmatu dute berria estralurtarrekin lotzen. Komunikabideetan, bizi estralurtarra izateko aukerarekin erlazionatuta azaldu zen bakterioa (Halomonadaceae familiako proteobakterio bat), eta, egun batzuk igaro ondoren, ahaztuak ziren bai bakterioa, bai balizko estralurtarrak.
Baina zientzialariek ez dute bakterioa ahaztu. Izan ere, hasieran aurkikuntzak iraultzailea ematen bazuen ere, orain zientzialari askok zalantza egiten dute hainbesterainokoa ote den. Horren erakusle dira Nature zientzia-aldizkariaren webgunean gaiari buruz argitaratutako bi artikuluen izenburuak. Horrela zioen lehenengoak: “Biziaren kimika berriro definitzea ekar lezake mikroorganismo artseniko-jaleak”. Bigarrena, berriz, erabat deskriptiboa da: “Mikroorganismoak erantzun toxikoa eman du”.
Hain zuzen ere, elementu jakin batzuetan oinarritzen da bizia: karbonoa, hidrogenoa, nitrogenoa, oxigenoa, sufrea eta fosforoa. Bizidun guztien molekula guztiak, hasi proteinetatik eta lipidoetaraino, sei elementu horiekin daude eginak, baita DNA ere. Mono aintzirako bakterioak, baina, fosforoaren ordez artsenikoa erabil dezakeela aurkitu zuten NASAko zientzialariek. Horrek kolokan jarriko luke, beraz, biziari buruz ordura arte ontzat jotzen zena.
Aurkikuntzaren ondorioak ez dira edonolakoak. Kontuan izan behar da bizidunentzat, orain arte ezagutzen direnentzat behintzat, artsenikoa toxikoa dela. Bakterio horrentzat, ordea, ez da toxikoa, eta, gainera, ematen du erabili egiten duela; bere organismoaren oinarrizko molekulak —baita DNA bera ere— eratzeko erabiltzen du. Horrek kolokan jarri zituen biziaren kimikaren definizioa, biziaren sorrera, bizidunen eboluzioa... eta atea ireki zien bizi estralurtarrari buruzko hipotesiei. Mono aintzirako bakterioarentzat artsenikoa ez bada toxikoa, ezin al dira sortu antzeko izakiak beste nonbait?
Hipotesiek indarra hartu baino lehen azaldu dira, ordea, lehen zalantzak. “Egokitzeari buruzko istorio bikain bat da, baina ez da ET”, esan zuen, adibidez, Gerald Joycek, La Jollako Scripps Ikerketa Institutu ospetsuko biokimikari batek.
Joycerentzat eta beste askorentzat, Mono aintzirako bakterioaren aurkitzaileek erakutsi dituzten datuak ez dira nahikoak ondorioztatzeko bakterioak artsenikoa erabiltzen duela. Haien iritziz, frogatu duten bakarra da artsenikoa dagoen inguruan bizitzeko gai dela. Are gehiago, bakterioaren barruan bakuoloen antzeko egiturak daude, eta, hain justu, zelulek bakuoloetan biltzen dituzte elementu toxikoak, kalterik egin ez diezaieten.
Horrez gain, NASAkoei galdetu diete zergatik ez duten masa-espektrometria erabili DNA analizatzeko, horrekin erraz ikus baitaiteke bakterioak bere DNAn artsenikoa sartu duen ala ez. Alabaina, NASAk ez du halakorik egin, zalantza argitu gabe utzi nahiago izango balu bezala. Ez, ez da harritzekoa ikerketak errezeloa piztea.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia