}
Estibaliz Apellaniz Ingunza Geologian doktore eta paleontologoa

“Komunikazio-teknologiek harritu eta beldurtu egiten naute”

2017/03/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ibilbide luzearen talaiatik erantzun die galderei Esti Apellanizek. Egia esan, lehen unean kezka ere agertu zuen, ez ote zen egokiagoa izango gazte bati egitea galderak. Ezetz, ikertzaile gazteek ere bazutela lekua aldizkarian, baina, orain eta hemen, beraren erantzunak ezagutu nahi genituela. Interesgarriak izango zirela susmatu, eta asmatu.
estibaliz-apellaniz-ingunza-komunikazio-teknologie

Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Zail xamarra egiten zait erantzun bakarra ematea, azken hamarkadetan hainbat aurkikuntzak zeharo aldatu digutelako bizimodua.

Alor pertsonalean, komunikazio-teknologiek (Internet, telefonia, WiFi eta abar) izan duten aurrerapen ikaragarria aipatuko nuke. Alaba nagusia Helsinkin bizi da, eta harekin berba egiteak eta denbora errealean elkar ikusteak harritu egiten nau egiten dugun bakoitzean. Aldi berean, gauza berak beldurra ematen dit, inoiz baino gehiago sentitzen dudalako nire burua une oro behatuta.

Geologiaren alorrean, berriz, eta nahiz eta aspaldikoa den (XX. mendearen erdialdekoa), plaken tektonikaren teoria da gehien txunditu nauena, lur-zientzien teoria bateratzailea izan delako, eta behaketa geofisikoak, geologikoak, paleontologikoak, paleoklimatikoak eta abar modu bateratu eta koherentean azaltzen dituelako.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?

Joan den urteko ekainean, Southampton Unibertsitateko ikertzaile Juerg Matter-ek eta haren kolaboratzaileek Science aldizkarian argitaratu zuten artikulu batean ( Rapid carbon mineralization for permanent disposal of anthropogenic carbon dioxide emissions ) proposatu zuten bide bat CO 2 -a basalto arroketan gordetzeko. CarbFix izeneko proiektu baten barruan, Islandiako instalazio elektriko batek askatutako CO 2 -a basalto arrokaz osatutako formazio batean gorde zuten. Gasak, bi urteko epean, arrokaren mineralekin erreakzionatuz, karbonatoak eratzen zituen. Hortaz, teknika horrek klima-aldaketaren ondorioak moteltzeko aukera eman dezake.

Edozein kasutan, James Lovelocken hitzak nire eginez, ”ezin dugu pentsatu atera dezakegunik haizetik eta eguzkitik behar den besteko energia gaur egungo kontsumo-maila mantendu ahal izateko”. Etorkizun latza izango dugu hori guztia kontuan izaten ez badugu.

Estibaliz Apellaniz Ingunza
Estibaliz Apellaniz Ingunza (Bilbo, 1954) 1976an lizentziatu zen EHUn, Zientzia Geologikoetan. 1998an, Geologian doktore egin zen, EHUn, eta, 2009tik, Estratigrafia eta Paleontologia Saileko zuzendari da unibertsitate berean. Urte hauetan guztietan ikerketan aritu da, eta zientzia-artikulu ugari argitaratu ditu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia