}

Estalaktiten hazkuntza ordenagailuan

2005/01/14 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Berdin du non hazten den estalaktita bat; bere itxura ez da horren araberakoa izango. Hain zuzen ere, hori ikertu dute Estatu Batuetako fisikari batzuek, eta estalaktiten hazkuntza ondo azaltzen duen ordenagailuzko eredu bat egin dute.

Estalaktitak sortzen dituen urak karbono dioxidoa eta kaltzio karbonatoa ditu disolbatuta, kareharriaren osagaiak alegia. Urak, normalean, karbono dioxidoa galtzen du, horrek uraren pHa handitzen du, eta horrek eragiten du kaltzio karbonatoa hauspeatzea, hau da, solido bihurtzea.

Fisikariek prozesu horren simulazio bat egin dute ordenagailuan, eta naturan dauden estalaktitekin konparatu dituzte. Simulazioan, estalaktitaren hazkuntza erortzen den ur-geruzaren araberakoa da. Eta ideia horrek oso emaitza onak eman ditu, eredu informatikoak oso ondo simulatzen baitu hazkuntza.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia