}

Espermatozoide lotsatiak

2001/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Lotsagabe fama badute ere, espermatozoideak ate-joka hurbiltzen dira obuluetara. Illinoisko Unibertsitateko eta Emory Unibertsitateko zientzialariek espermatozoideei obuluaren mintz babeslea zeharkatzeko seinalea bidaltzen dien proteina-taldea identifikatu du. Espermatozoideak obulua ukitzen duenean, espermatozoideko galaktosil transferasa proteinak obuluaren mintzeko ZP3 proteinarekin bat egiten du.

Baina galaktosil transferasa horrek bi forma ditu: bata luzea eta bestea laburra (aminoazido gutxiago). Obuluko ZP3 proteinak eta espermatozoideko transferasaren forma luzeak bat egiten dutenean, obuluan eta esperman dauden G proteinek espermatozoideak obuluan sartzeko beharrezkoak diren entzima-besikulak askatzen dituzte.

Aldiz, ZP3 proteinak transferasaren forma laburrarekin bat egiten duenean, G proteinak ez dira aktibatzen. Aurkikuntza hori garrantzitsua izan daiteke antzutasuna aztertu, antisorgailuak hobetu, baserriko animalien ekoizpena handitu eta desagertzeko arriskuan dauden espezieak berreskuratzeko. Dena den, galaktosil transferasaren eta ZP3ren artean beste urratsen bat dagoen aztertu behar dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia