Esne Bidearen erdiko zulo beltzak eremu magnetiko ahaltsua duela erakutsi du EHTk
2024/04/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Duela bi urte, Sagittarius A* (Sgr A*) Esne Bidearen erdian dagoen zulo beltzaren lehen irudia aurkeztu zuen Event Horizon Telescope (EHT) nazioarteko proiektuak. Aurretik, 2019an, zulo beltz baten lehen irudia erakutsi zuen talde berak, M87* zulo beltzarena, hain zuzen. Argi polarizatuz ere aztertu zuen zulo beltz hori, eta, horren bidez, eremu magnetiko indartsua zuela frogatu zuten 2021ean. Orain, Sgr A* aztertu dute argi polarizatuz, eta hark ere antzeko eremu magnetikoa duela ikusi dute. Horrenbestez, litekeena da hori izatea era horretako zulo beltzen ohiko egitura.
Aurkikuntza esanguratsua da; izan ere, Sgr A* M87* baino mila aldiz txikiagoa da eta hark baino mila aldiz masa gutxiago du. Eta bietan ikusi dute eremu magnetiko indartsuak dituztela, espiralean bilduta, eta zulo beltzaren erdialderantz itzultzen dutenak zulo beltzak berak igortzen dituen materia- eta energia-zorrotadak.
Bi zulo beltzen egituren alderaketak, zertan duten antza eta zertan bereizten diren ikusteak, alegia, informazio baliotsua emango die astrofisikariei; hortaz, ikertzen jarraitzeko asmoa dutela iragarri dute. Gainera, EHT osatu duten teleskopioetako bat, ALMA, berritzera doaz, bereizmena handitzeko. Hala, Sgr A*-ren xehetasun gehiago jasoko dituzte. Besteak beste, ikusi nahi dute ea baduen M87*-ren antzeko zorrotada indartsurik. Izan ere, argi polarizatuz hartutako irudian, zorrotada hori izan behar duela susmatu dute, baina ez dute baieztatzerik izan (M87*-an baieztatuta dago).
Horrez gain, galaxiaren beste zulo beltz batzuen irudiak ere jasotzea espero dute, eta, horren barruan, mugimenduan dauden irudiak; filmak, alegia. Horrenbestez, etorkizunean ere EHT taldeak albisteak emango dituela espero dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia