Esne Bidearen bihotza

2002/01/10 Elhuyar Zientzia

Chandra teleskopioak jasotako irudi mosaiko honetan gure galaxiaren erdigunea ikusten da. 400-900 argi-urtera dagoen tartea erakusten du eta, guk ez, baina astronomoek ehunka nano txuri, neutroi-izar eta zulo beltz bereizi dituzte bertan. Hain juxtu, Esne Bidearen erdi-erdiko zulo beltz supermasiboa irudiaren erdialdeko puntu txuri distiratsuaren barruan dago.

Irudi honek ikuspuntu berriak eman dizkie astronomoei, galaxiaren erdigune zurrunbilotsuak galaxia osoaren eboluzioari nola eragiten dion jakiteko. Adibidez, orain arte uste zen hango gasaren tenperatura 100 milioi gradu zentigradu baino handiagokoa zela, baina ohartu dira 10 milioi gradutan besterik ez dagoela. Aipatutako gasa erdigunetik galaxia osora hedatzen ari dela dirudi. Erdigunean maiz suntsitzen diren izarren errautsak, kimikoki oso aberatsak, gas-jarioarekin batera barreiatzen dira.

Esne Bidearen erdigunea lurretik 26.000 argi-urtera dago, hurbil astronomoentzat. Horri eskerrak, beste galaxien bihotzak nolakoak diren jakiteko laborategi ezin hobea omen da.

Informazio gehiago, Nature aldizkarian.