Esne Bidearen aztarna magnetikoa
2014/05/06 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Itxura hau du Esne Bidearen eremu magnetikoak, ESAren Planck satelitearen begietara. Gaur argitaratu du irudia ESAk, “Gure galaxiaren hatz-marka magnetikoa” izenburuarekin, eta, hatz-marka baten antza erraz hartzen zaion arren, beste zerbait erakusten dute irudiko zurrunbilo, kiribil eta arkuek: gure galaxiaren eremu magnetikoaren egitura da hor ikusten dena.
Irudia osatzeko, Esne Bideko izarrarteko hautsak igorritako argi polarizatua neurtu du Planck sateliteak (zeru osoarentzat halako behaketa bat egiten den lehen aldia da), eta LIC izeneko teknikaren bidez irudikatu dute galaxiaren eremu magnetikoa.
Ilunago ikusten diren eremuetan polarizatutako igorpena sendoagoa da; ildaskatzeek, berriz, eremu magnetikoaren norabidea adierazten dute (zeruaren planoarekiko proiektatuta). Azkenik, alderik alde doan banda horizontal iluna galaxiaren planoari dagokio. Hor, polarizazioak oso patroi erregularra du, eremu magnetikoaren lerroak Esne Bidearen planoarekiko paraleloak direlako nagusiki.
Izarrarteko hautsak igorritako argi polarizatuaren ezaugarriak neurtuta, astronomoek polarizazio hori eragin duen fenomenoa ikertu dezakete: zehazki, argiak zeharkatu duen ingurunean eremu magnetikorik baden jakin dezakete, eta, baita, haren propietateak zein diren.
Kasu honetan, Esne Bidearentzat osatu du mapa ESAk, baina, berez, ez da hori Planck misioaren helburu nagusia. Big Bangaren ondorengo grabitazio-uhinen frogak aurkitzeko jaurti zuen ESAk Planck satelitea, hau da, grabitazio-uhin horiek hondoko mikrouhin-erradiazioan utzitako arrastoak detektatzeko: B motako polarizazioak. Hain zuen, joan den martxoan detektatu zituzten BICEP2ko astronomoek arrasto horiek lehenengoz, eta astrofisikariak Plancken emaitzen zain-zain daude, aurkikuntza berresteko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia