}

Esan ez zutena

2009/12/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Atzean geratu da abenduaren bata, Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Egunaren inguruan, datu-zaparrada eman zuten osasun-erakundeek, mundu mailakoek zein eskualdekoek. Era guztietako datuak: kutsatu-kopuruaren gorabeherak, tratamendu erretrobiralen hedapena eta eraginkortasuna, kondoien erabilera-ohiturak, kutsatuen profila, gizarteak zenbateraino onartzen edo baztertzen dituen... Ehunka, milaka datu; baina hitzik ez txertoari buruz.
Hiesaren Aurkako Nazioarteko Egunean milaka datu eman zituzten, baina txertoa ez zuten aipatu ere egin.

Agian, zuhurtziak bultzatuta isildu dute gai hori. Beharbada, hanka sartzeko beldur ziren, hiesa deskubritu zuten garaian Estatu Batuetako osasun-arduradunak egindako hanka-sartzearekin oroituta: birusa isolatu eta urtebete geroago, 1984an, bi urteren buruan hiesaren txertoa proba-fasean izango zela iragarri zuen. Ez zuen asmatu, tamalez.

Oraindik ez dago txertorik. Zeresana badago, hala ere, udazken-hasieran ia kontrakoa sinesteko, edo, gutxienez, itxaropena pizteko moduko albistea zabaldu baitzuten komunikabideek. Izan ere, Estatu Batuetako armadaren eta Thailandiako osasun-ministerioaren arabera, probatzen ari ziren txertoak arrakasta izan zuen. Hiesaz kutsatzeko arriskua % 31 gutxitzen zuen. Ez zen txertoa bere horretan merkaturatzeko bezain emaitza ona, baina bai orain arte lortutako onena. Bide onetik zihoazen, beraz.

2003an hasi ziren probatzen, eta kaleratu aurreko azken fasean zegoen (III. fasea). Txertoa lehendik zeuden bi txertoen konbinazioa da, eta GIBaren geneak eta azaleko proteina bat ditu. 16.400 boluntario tailandiarrekin probatu zuten; erdiek plazebo bat hartu zuten, eta beste erdiek, txertoa. Gero, talde batean nola bestean, zenbat pertsona kutsatu ziren neurtu zuten, baita kutsatutakoek odolean zenbat birus zituzten ere. Emaitza horiek guztiak ikusita ondorioztatu zuten txertoa "arrakastatsua" zela, neurri batean baino babesten ez bazuen ere.

Handik hilabetera aurkeztu zituzten esperimentuaren datu guztiak, Parisen, hiesari buruzko kongresu batean. Ikerketaren buruak, Thailandiako osasun-ministerioko Reks-Ngarmek, adierazi zuen beren ikerketa "hiesaren aurkako txertoen ikerketan mugarria" zela, eta han ziren zientzialariek txalotu egin zuten.

Txaloetatik kritiketara

Gerora, ordea, txaloak kritika bihurtu ziren. Izan ere, emaitzak ondo aztertzeko aukera izan zuten, eta ikusi zuten esperimentuan jasotako datuak hiru eratara analizatu zituztela. Eta % 31n babesten zuen emaitza hiruren arteko onena zela; beste biak ez ziren % 26ra iristen. Horrenbestez, datuak ez ziren esanguratsuak, ez ziren aintzat hartzekoak.

Kopurutan ehunekotan baino garbiago ikusten da zer alde txikia dagoen txertoa hartu zutenen eta ez zutenen artean: 11.600 boluntario horietatik, txertatuta zeudenen taldean, 51 baino ez ziren kutsatu. Eta txertoaren ordez plazeboa hartu zutenen taldean, berriz, 74. Hau da, 23 pertsonako aldea zegoen.

Ikertzaile batzuen esanean, odolean zuten birus-kopuruari begiratuta ere etsigarria zen emaitza. Izan ere, txerto batzuek, kutsatzetik erabat babesten ez duten arren, birusa ugaltzea galarazten dute; hala, ez dira sintomak garatzen. Baina txerto horrek hori ere ez zuen lortu.

Alegia, egiazko emaitzak hasieran iragarritakoetatik oso urruti zeuden. Kritikek ez zuten iraileko iragarpenak adinako oihartzunik izan komunikabideetan, eta ordutik oso gutxi entzun da txertoari buruz.

Alabaina, ikertzaileek lanean jarraitzen dute. Esperimentu hartan 119 milioi dolar gastatu zituzten, eta hurrengo urteetan are gehiago erabiliko dira guztira, txertoa lortzeko asmoz. Hala ere, badira bestelako proposamenak: eredu matematiko bat erabilita, Kanadako Ottawako Unibertsitatean ondorioztatu dute 5 urtean 65 miloi dolar erabiliz gero izurria geratzea lortuko litzatekeela. Zertan gastatu beharko litzatekeen ere zehaztu dute: mundu guztira bideratutako erretrobiraletan, heziketa-kanpainetan eta kondoietan. Inork eutsiko ote dio enbidoari?

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia