}

Errusia, bero-bero

2010/08/10 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Mapa hau Errusiak azkenaldian bizi dituen tenperatura-anomalien lekuko da. NASAk plazaratu du irudia; MODIS (Moderate Resolution Imaging Spectroradiometer) izeneko tresna erabilita eskuratu diren datuak baliatuz egin dute.

Hain zuzen, uztailaren 20tik 27ra izandako tenperaturak eta 2000tik 2008ra bitartean data horietan izandako batezbestekoak alderatu dituzte. Batezbesteko horiek gainditu dituzten eremuak gorriz eta laranjaz ageri dira mapan; tenperatura baxuagoa izan dutenak, aldiz, urdinez.

Bada, azken urteotako bero-boladarik handiena bizi dute Errusian. Mapari erreparatuz gero, argi ikusten da uztailean ezohiko berorik handiena izan duten eremuak, batik bat, Kaspiar Itsasoaren ipar eta ipar-mendebaldean daudela, Mosku inguruan. Hain zuzen, azkenaldian lehorte eta sute ugarik astindu ditu Errusiako ingurune horiek. Adituek diotenez, gainera, tenperatura altuek (42 gradutik gora zenbait lekutan) ez dute etenik izango datozen egunotan.

Bestalde, aurreikusitakoa baino tenperatura baxuagoak izan dituzte, adibidez, Errusiako iparraldeko zein Ekialdeko Kazakhstango zenbait lekutan.

Irudia: NASA Earth Observatory / Jesse Allen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia