Erretzaileen espermak arazoak sor ditzake
1993/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gizon erretzaileek arazoak transmiti ditzakete, eta ez beren seme-alabei bakarrik; geroagoko belaunaldiei ere bai baizik. Hori zioen Bruce Ames biokimikariak Melbourne-n emandako hitzaldi batean.
Ames-ek Ipar Carolinan egindako zenbait ikerketa aipatu zuen. Ikerketa hauetan 1959. eta 1966. urte-bitartean jaiotako 15.000 haurren egoera arakatu zen. Egunero hogei zigarro baino gehiago erretzen zutenen seme-alaben artean ezpain leporinodun edo bihotz akastunen kopurua erretzen ez zutenen seme-alabena baino bi aldiz handiagoa zela ikusi zen eta uretra estuarekin jaiotzearen arriskua bi edo bi t’erdi aldiz handiagoa zela ere bai.
Beste ikerketa batean, 14 urte baino gutxiago zutela minbizia izandako 220 gazte aztertu ziren. Ikerketa honetan ondoko emaitzak lortu ziren: leuzemia edo nodo linfatikoetako minbizia jasan zuten gazteen artean, aita erretzailea izandakoak bi aldiz ugariago ziren erretzen ez zuen aita zutenena baino.
“Nire ustez, erlazio zuzena dago jaiotza-akatsen, haurren minbiziaren eta erretzaile arren artean” zioen Ames-ek. Emeei buruz gauza bera ezin zela esan gaineratu zuen.
Erretzeagatik sortzen den kalte asko, piztutako zigarroan den material-oxidazioagatik gertatzen da. Oxigeno askea oso erreaktiboa da eta DNAri kalte handia eragin diezaioke. Metabolismoko zenbait azpiproduktu (hala nola superoxidoa) hidroxido erradikalak eta hidrogeno peroxidoa, mutariak dira. DNA oxidizatu egiten dute, molekularen zenbait puntutan “oxidazio-lesio” deiturikoak sortuz. Hau egunero 10.000 aldiz gerta daiteke, baina entzimek, eskuarki, kaltetutako zatiak konpondu egiten dituzte. Arazoak, oxidazioa konponketa baino azkarragoa denean sortzen dira.
Odolak antioxidatzaile batzuk baditu, hala nola C bitamina, E bitamina eta beta-karotenoa. Erretzaileengan aipatu antioxidatzaileak konposatu oxidagarriak neutraltzen erabiltzen dira. Erretzaileek beren odolean C bitamina mantendu ahal izateko aipatu bitamina hiru aldiz gehiago kontsumitu behar dute. Hori ezinezkoa denez, antioxidatzaileen kontzentrazioa giza zeluletan txikiagotu egiten da eta, beraz, DNAn lesioak sortzeko arriskua handiagotu ere bai.
Gainera, batez ere, oxidazioak esperma-zeluletan kalteak sor ditzake, aldaketa genetikoak eraginez.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia