}

Errepide bat Antartikaren erdira

2003/02/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Estatubatuarrek ez dute txikikerietan galtzen denbora, eta oraingoan 1.600 kilometroko errepidea eraikitzeari ekin diote. Non eta Antartikan. Inolako zalantzarik gabe, ez da ekimen erraza izango, baina helburuak merezi duelakoan daude. Izan ere, errepidea amaitutakoan, kostaldeko McMurdo estazioa eta Hego poloan dagoen Scott-Amundsen estazioa lotuta geldituko dira, eta horrek asko erraztuko du garraioa.
Errepideak Maud Erreginaren mendiak zeharkatu beharko ditu, eta Levertt glaziarra izango da igarobidea.

Scott-Amundsen estazioa AEBek Hego poloan duten base zientifikoa da, eta, bai base horretara bai besteetara, airez bakarrik irits daiteke gaur egun. Horrek ikaragarri mugatzen du komunikazioa, ezin baita nahi beste material garraiatu. Gainera, hegaldiak eguraldiaren menpe daude erabat. Irtenbide bakarra kostaldea eta Hego poloa lotzen dituen errepidea egitea da.

Errepide horrek 1.600 km izango ditu, urtean 100 egunez erabiltzeko modua izango dutela uste dute, eta 12 milioi dolar kostatuko dela kalkulatzen dute. Iruñea eta Huesca arteko autobidearen aurrekontua, berriz, 85 milioi eurokoa da. Nolanahi ere, hura egiteko lanak ez dira makalak izango! Elurra garbitu, zuloak bete, izotza kendu... eta, udaberri oro, neguko izotz-mugimenduek eta pitzadurek eragindako aldaketak konpondu beharko dituzte. Hala ere, pitzadurak ez omen dira gehiegi aldatzen urtetik urtera. Maud Erreginaren mendiak nondik zeharkatu ere ondo aztertu behar izan dute. Mendi horiek MacMurdo estazioaren eta Hego poloaren artean daude, eta, harresi menderaezina diruditen arren, igarobide aproposa aurkitu dute: Leverett glaziarra.

Hogeita hamar eguneko joan-etorria

Baimendutako konboiek bakarrik erabili ahal izango dute errepidea. Ibilgailu bereziak erabiliko dituzte; besteak beste, beldar-traktoreak eta atzean atoia daramaten lerak. Joateko hogei egun beharko dituzte, eta kostara itzultzeko, berriz, hamar egun besterik ez. Aldea ez da pisu-kontua bakarrik: Hego poloa 3.000 m-ko altueran dago; beraz, joateko bidaia maldan gora da.

Amundsen-Scott estazio estatubatuarrean eta besteetan, ikerketa zientifiko ugari egiten dira, Hego poloa oso toki aproposa baita horretarako.

Bide batez, zuntz optikoa jarri nahi dute bi baseen artean. Nonbait, Scott-Amundsen estazioa komunikazio-sateliteen helmenetik kanpo gelditzen denez, ikerketen datuak ezin dira denbora errealean bidali. Zuntz optikoaren bidez, arazo hori gaindituko dute.

Dirudienez, zientzialariek oso begi onez ikusten dute egitasmoa. Gero eta ikerketa gehiago egiten dira, eta gero eta material gehiago behar dute haiek aurrera eramateko. Orain, adibidez, Izotzezko Kuboaren proiektuan ari dira lanean. Izotzezko Kuboa Eguzkiak igorritako partikula batzuk, neutrinoak, detektatzeko behatoki berezi bat da. Izena itxuratik datorkio: basearen azpian dagoen kilometro kubiko bateko izotz-puska bat da, eta izotzezko kubo horretan daude barreiatuta neutrinoen detektagailuak. Bost urte barru martxan jarritakoan, 20 gigabyte datu sortuko ditu egunean. Bada zerbait!

Ikerketarako leku aproposa

Hego poloa, dituen ezaugarri geografiko eta geofisikoengatik, hainbat ikerketa egiteko leku aproposa da. Esate baterako, Antartikaren gainean dagoen atmosfera izugarri hotza denez, airearen ur-lurruna izoztuta dago. Ondorioz, oso gardena da eta infragorrien eta mikrouhinen teleskopioek ez dute apenas eragozpenik irudiak jasotzeko.

Antartikako Itunak Antartika helburu militarrekin erabiltzea galarazi, ikerketa zientifikoetarako askatasuna bermatu, eta bertako baliabide naturalak babesten ditu.

Horretaz gain, Lurraren errotazioaren ardatzetik oso gertu dago. Hori dela eta, astroak ez dira ia inoiz sartzen, eta epe luzeko behaketak egin daitezke etenik gabe. Adibidez, Eguzkia ehun egunez jarraian behatu ahal izan dute. Bestetik, Polo magnetikotik hurbil egoteak magnetosferaren kanpoaldea aztertzen laguntzen du, baita ionosferarekin duen elkarrekintza ere. Hori oso baliagarria da aurorak eta atmosferan sortzen diren beste fenomeno batzuk aztertzeko.

Azterketa horiek eta beste hainbat ikerketa egiteko tresneria berezia dago Scott-Amundsen basean. Sismologia eta irrati-uhinak aztertzen dituen laborategia dagoen tokiari ‘alderdi isila’ deitzen diote. Bertan ez da lurrikararik gertatzen, eta toki egokiena da uhin sismiko globalak eta periodo luzeko oszilazioak neurtzeko. ‘Aire garbiko alderdian’, aldiz, airearekin zerikusia duten ikerketak egiten dira. Haizeak Hego polorantz jotzen duen noranzkoan dago kokatuta, eta, horri esker, ez du bizidunen edo poluzioaren arrastorik. Munduko airerik garbiena da, beraz. Eta ‘alderdi iluna’ argi arrotzetatik eta beste erradiazio elektromagnetikoetatik babestuta dago. Hor daude mikrouhinen, infragorrien, eta neutrinoen teleskopioak.

Antartikako Ituna

Argi dago ikerketa ugari egiten direla Antartikan, eta horiek gauzatzeko behar den materiala errepidez eramatea oso irtenbide ona dela. Baina errepide hori ez al da Antartika komertzialki ustiatzeko bidea bihurtuko? Bada, antza denez, ekologistak ez dira horren beldur oraingoz.

Gaur egun, Hego polora airez bakarrik irits daitezke. Ondorioz, eguraldiaren menpe daude erabat, eta ezin dute nahi beste material garraiatu.

Hain zuzen ere, Antartika babesten duen ituna 2041era arte dago indarrean. 1959an sinatutako itun horrek, Antartika helburu militarrekin erabiltzea galarazi, ikerketa zientifikoetarako askatasuna bermatu, eta bertako baliabide naturalak babesten ditu. Ez du zalantzarako zirrikiturik uzten: guztiz debekatuta dago Antartika komertzialki ustiatzea. Gainera, errepideak bizidunik gabeko eskualdea zeharkatuko du, eta baimendutako konboiek baino ezingo dute erabili. Ondorioz, ekologistek ez dute errepidearen aurkako jarrera azaldu.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia