Erregai fosilen karbono-isurien errekorra izango da 2025ean

ThePixelman / Pixabay


Global Carbon Budget (Karbonoaren Aurrekontu Globala) erakundeak kalkulatu duenez, aurten, erregai-fosilen erabileraren ondorioz, 38.100 milioi tona karbono dioxido isuriko dira. Horrek esan nahi du % 1,1 igoko direla, iazko urtearekin alderatuta. Horrez gain, azpimarratu du herrialde askotan energia-sistemen deskarbonizazioa aurrera doan arren, aldaketa ez dela nahikoa munduko energia-eskariaren hazkundea orekatzeko.

Global Carbon Budgetek karbono-isurietan eragin duten beste faktore batzuk ere aipatu ditu. Esaterako, lurraren erabileraren aldaketagatik sortutako karbono-isuriak (deforestatzioa, esaterako) iazkoak baino txikiagoak izango direla aurreikusi du. Bestetik, El Niño amaitzeak lurraren xurgapen-gaitasuna leheneratzea ekarri du; izan ere, El Niñok beroa eta lehorteak eragiten ditu eskualde askotan. Nolanahi ere, 1960. urteaz geroztik, atmosferako karbono dioxidoaren kontzentrazioaren igoeraren % 8 klima-aldaketak lurraren eta ozeanoen xurgatzeko gaitasuna ahuldu duelako gertatu da.

«igoerak are handiagoak izango ziren Txinan eta Indian, energia-iturri berriztagarrien instalazioak ez balira hainbeste hedatu»

Txostenaren arabera, berotze globala 1,5 ºC-ra mugatzeko geratzen den “karbono-aurrekontua“ ia agortuta dago, eta erregai fosilen karbono-isuriek igotzen jarraitzen dute. Aurreikuspenen arabera, AEBn % 1,9 igoko dira, Indian % 1,4, eta Txinan eta Europako Batasunean % 0,4; eta iturri guztienak, gainera: ikatza, petrolioa eta gas naturala. Dena dela, nabarmendu du igoerak are handiagoak izango zirela Txinan eta Indian, energia-iturri berriztagarrien instalazioak ez balira hainbeste hedatu.

Azkenean, atmosferako karbono dioxidoaren kontzentrazioa 425,7 ppm-ra iritsiko da 2025ean; industria-aurreko mailarekiko % 52 gehiagora, alegia.

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali