}

Erraldoi bat ipotxen munduan

2010/10/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Erraldoi bat ipotxen munduan
2010/10/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Guillermo Roa)

1992an, erraldoi bat azaldu zen mikroskopioetan. Bradford hiriko hozte-sistema industrial batean aurkitu zuten; mikrobiologo batzuek hango uretako amebak aztertzen ari ziren legionelarekin infektatuta ote zeuden jakiteko, eta legionelaren ordez, erraldoia aurkitu zuten ameben barruan.

Hala ere, mikrobiologoek ez zekiten erraldoia zenik. Bakterio bat zirudien, bakterio baten tamaina zuelako. Gainera, bakterioak sailkatzeko proba klasiko bat egin zioten, Gram tindaketaren proba, eta bakterio Gram positiboen taldean sailkatu zuten. Eta bakterio-izena eman zioten: Bradfordcoccus . Baina hamaika urte geroago, Frantziako Marseillako Unibertsitateko ikertzaile batzuek aurkitu zuten bakterio hura birusa zela; birus erraldoi bat.

Izena aldatu zioten; Gram tindaketan bakterio bat imitatzen duenez, Mimibirus deitu zioten. Eta izena oso aproposa da, hainbat ikuspuntutatik bizidunak imitatzen baitu; adibidez, bizirik egoteko ezaugarria bera imitatzen du.

Biologoek bakterioen eta birusen artean jartzen dute biziaren muga. Bakterioak bizidunak dira; birusak ez. Baina Mimibirusa tarteko lurraldean dago. Birusa da, baina ohiko birusek egiten ez dituzten jarduera batzuk egiten ditu. Ia bakterio baten jokabidea du, baina horretara ere ez da iristen. Biziaren mugan dago, baina zer aldetan?

Tamainari dagokionez, izugarri handia da; bakterio batzuk txikiagoak dira, eta beste birusekin alderatuz gero, ondo merezi du erraldoi izenondoa. 800 nanometroko diametroa du, ohiko birusak baino hamar aldiz handiagoa. Eta horrek berezi bihurtzen du. Adibidez, duela gutxi aurkitu dute badirela birusak Mimibirus bera infektatzeko gauza direnak, hau da, barruan sartzen zaizkionak. Baina tamaina handia izateak ez du bizidun bihurtzen.

Mimibirusa handia da, ez bakarrik tamainari dagokionez, baizik eta material genetikoari dagokionez; Mimibirusaren genoma ere erraldoia da. Ohiko birusetan gene-kopurua oso aldakorra da, baina birus gutxik dute ehun gene baino gehiago, eta batzuek hamar gene baino gutxiago dituzte. Mimibirusak, berriz, 911 gene ditu barruan daraman DNA molekulan.

Nukleorik ez du behar

Gene-kopuru horrek ia independente bihurtzen du Mimibirus. Azkar esanda, ohiko birusak ez daude bizirik ez dutelako ugaltzeko gaitasuna; ez dituzte horretaz arduratzen diren geneak. Bizidunen zelulak infektatzen dituzte, hain zuzen, bizidunaren gene horietaz baliatzeko; bizidunaren ugaltze-mekanismoak sortzen ditu birus-ale berriak. Eta mekanismo hori zelularen nukleoan dago, biziduna bakterio bat ez bada, behintzat. Baina Marseillako Egiturako eta Genetikako Informazioaren Laborategiko Jean Michel Claverie ikertzaileak aurkitu du Mimibirusak beste jokabide bat duela. Ez du erabiltzen infektatzen duen zelularen nukleoa; are gehiago, baditu ugaltzeko behar dituen berezko gene batzuk. Horregatik jasotzen ditu beste birusen infekzioak, nahiz eta biologoek ez duten guztiz ulertzen infekzio horrek nola egin dezakeen aurrera.

Mimibirusak ameba bat infektatzen duenean, ale berriak sortzeko egitura bat sortzen du zelularen zitoplasman, birusen "fabrika" bat Claverieren hitzetan. Eta fabrika hori amebaren nukleotik kanpo instalatzen du, ez baitu haren ugaltze-sistemaren beharrik. Baina, aldi berean, erabat beharrezkoa du amebaren zitoplasma. Adibidez, aminoazidoak handik eskuratu behar ditu, proteinak egiteko. Eta baditu ATP molekula garraiatzen duten proteinak sortzeko geneak, baina ATP hori amebaren zitoplasmatik hartu behar du (ATP energia gordetzen duen molekula da; zelularen erreakzio kimiko gehienak egiteko behar den energia gordetzen duena). Alegia, Mimibirusak ugaltze-mekanismoa du, baina ez osorik.

Beste modu batean begiratuta, Mimibirusak nukleo bat balitz bezala jokatzen du, baina zitoplasma falta duenez, beste zelula bati lapurtzen dio. Hori bai, ugaltzearen ondorioz, "nukleo" gehiago sortu dira, eta beste zitoplasma batzuen bila abiatu behar dira sortu diren amebatik kanpo.

Bere burua kopiatzen duen nukleo bat da, baina ez du zitoplasmarik sortzeko ahalmenik. Badu berezko ugaltze-sistema, baina ezin du ugaldu beste baten laguntzarik gabe. Orduan, biziduna da? Bai edo ez, erabiltzen den biziaren definizioaren arabera.

Ez dago zalantzarik birusen sailkapenetan, Mimibirusek berezko familia baten barruan egon behar dutela, eta familia hori Mimiviridae da. Baina sailkapen klasikoaren arabera, familia hori birusekin batera sailkatuz gero, onartzen ari gara ez direla bizidunak, eta hori ez dago hain garbi. Aditu batzuek diote birusak eta bakterioak ez diren beste talde batean sailkatu behar direla. Girus izena ere proposatu dute talde horretako birusentzat ( Giant virus , birus erraldoiak). Eta, beharbada, talde hori bizidunen multzoan sar liteke.

Bizirik ote dagoen eztabaidaz gainera, nukleoaren jatorriaren espekulazioetan ere izan dezake zeresana Mimibirusak. Gaurko zelula konplexuen nukleoa garai bateko birus erraldoi bat izan zitekeen.

Roa Zubia, Guillermo
2
268
2010
10
027
Mikrobiologia; Biologia
Gogoetan
56

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia