Erradioaktibitate azkarra
2004/09/20 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Atomo erradioaktiboak beste atomo batzuk bihurtzen dira erradiazioa igortzen dutenean. Dena dela, prozesu hori ez da abiadura berdinean gertatzen atomo guztietan.
Karbono-14 ospetsua, adibidez, oso pixkanaka bihurtzen da karbono arrunt. Hain zuzen ere, 5.730 urte behar dira lagin bateko atomo erradioaktiboen erdiak karbono arrunt bihurtzeko; berilio-7aren kasuan, aldiz, aldaketa azkarra da: 53 egun besterik ez dira behar erdia litio-7 isotopo bihurtzeko. Baina posible da prozesu hori azkartzea? Japoniako fisikari batzuek lortu dute.
Berilio-7aren kasuan, erradiazioa igortzen da atomoaren nukleoak elektroi bat 'xurgatzen' badu; izan ere, elektroiak protoi batekin talka egiten du, eta, talka horren ondorioz, neutroi bat sortu eta erradiazioa igortzen da. Hainbat atomotan, prozesu hori maiz gertatzen da; beste batzuetan, aldiz, elektroiak nukleoarekin talka egiteko probabilitatea txikia da, eta prozesuaren abiadura probabilitate horren araberakoa da.
Beraz, prozesua azkartzeko, fulereno baten barruan sartu dute berilio erradioaktiboa. Fulerenoak baloi-itxurako molekulak dira, eta elektroi asko dituzte barruan. Inguru horretan harrapatutako berilioak egun-erdi bat azkarrago igortzen du erradioaktibitatea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia