}

Erlojurik zehatzena

2001/07/13 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia


4.500 milioi urteetan segundo bateko errorea duen erlojua garatu dute fisikari batzuek.

Scott Diddams eta bere taldekideek, Estandarren eta Teknologiaren Institutu Nazionaleko (NIST) fisikariek, orain arte egin den erlojurik zehatzena egin dute. Denboraren hain zehatz neurtu ahal izateak unibertsoaren konstanteen oso neurketa zehatzak egiteko aukera emango die.

Erloju batek kadentzia emango dion erritmo-sorgailua behar du. Erritmo hori zenbat eta uniformeagoa izan orduan eta zehatzagoa izango da erlojua. Adibidez, garai batean erritmo hori penduluen bitartez lortzen zen. XX. mendean, erritmo-sorgailu berriak asmatu ziren. Ospetsuenetako batek kuartzozko kristal baten bibrazioak erabiltzen ditu; horrekin eskumuturreko erloju oso zehatzak egiten dira.

Fisikariek erritmo-sorgailu bezala atomoen bibrazioak erabiltzen hasi ziren 1951. urtean; penduluan oinarritutako edozein bibragailu mekaniko eta edozein kristal baino zehatzagoak dira atomoak. Beraz, azken urteetan erabili diren erloju atomikoen oinarriak zesio-atomoak mikrouhinen bitartez kitzikatzea izan da. Erloju horiek 30 milioi urteetan segundo bateko errorea izaten dute, gutxi gorabehera. Edozeinen bizitzan erloju horiek nahikoa izan arren, unibertsoaren zenbait konstante neurtzeko zehaztasun handiagoa izatea komeni da.

Horregatik, zientzialariek erloju atomiko mota berria egin dute. Zesioaren ordez merkurio-atomoak eta mikrouhinen ordez erradiazio ikusgaia erabili dute. Argi ikusgaiarekin merkurioaren oszilazioa maiztasun handiagokoa da, eta, beraz, zehaztasun handiagoa ematen dio denboraren kontaketari zesioak baino.

Atomoak zenbat eta geldoago mugitu, orduan eta interferentzia gutxiago sortzen da bere mugimenduaren eta bere bibrazioaren artean. Horregatik, ikertzaileek merkurio-atomoak hoztu eta ale bakar bat kitzikatzea lortu dute. Merkurioaren jarduerak sortzen dituen seinale azkarrak laserraren bitartez mikrouhin-seinale geldoago bihurtu eta, zesiozko erlojuen modura, irakurketa zehatza egiten da erlojua martxan jartzeko. Ikertzaileak pozik daude, gainera, erloju hori egonkortasun handikoa delako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia