Erle galduen bila
2007/05/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
AEBko erlezainek erleak zergatik ari diren galtzen ikertzea eskatu diote kongresuari.
(Argazkia: S.Bauer/ARS)
Zientzialariak fenomenoa aztertzen ari badira ere, oraindik ez dakite zergatik ari diren galtzen erlauntzak, eta, ondorioz, ez dakite zer egin galera gelditzeko. Denek argi dute, hori bai, ondorio larriak ekartzen ari dela eta ekarriko dituela, batez ere nekazaritzan, eta horregatik uste dute premiazkoa dela arazoa lehenbailehen konpontzea.
Kontuan izan behar da AEBko erlezain gehienen diru-iturri nagusia ez dela eztia, baizik eta polinizazio-zerbitzuen bidezkoa. Hala, soroetako landareak loratzen diren garaian, erlezainak estatuz estatu joaten dira, nekazariei euren erlauntzak eskainiz. Izan ere, erleak polinizatzaile apartak dira, loreen nektarra eta polena biltzean sexu-organo emeetara eramaten baitute polena. Horri esker garatzen ditu landareak fruituak eta haziak.
Galera ekonomikoa
Sagarrondoen polinizazioa erleen menpe dago ia erabat.
(Argazkia: S. Bauer/ARS)
Erleek polinizatzaile komertzial gisa Estatu Batuetan egiten duten lanak 15.000 milioi dolar balio duela kalkulatzen dute. Heren bat alpaparen ekoizpenari dagokio, % 10 inguru sagarrarenari, eta % 6-7 almendra, limoi, kotoi eta sojaren ekoizpenari, hurrenez hurren.
Kalkuluak egin gabe ere, ukaezina da erleek nekazaritzan duten garrantzia, soro eta baratzeetako landare askoren polinizazioa erleen menpe baitago ia erabat (% 90-100). Horien artean daude, besteak beste, sagarra, almendra, ahuakatea, brokolia, ahabia, gerezia, kiwia, makadamia intxaurra, zainzuria, azenarioa, azalorea, tipula, ekilorea, kalabaza eta eltzekariak. Zitrikoak, abrikota, ekilorea, soja, kotoia, kakahuetea, meloia eta beste batzuk, berriz, polinizatzeko ez dituzte ezinbestean erleak behar, baina, hala ere, intsektu horiek egindako lanak sekulako garrantzia du gero uzta ona izateko.
Hala, urtean bi milioi erle-kolonia baino gehiago alokatzen dituzte Estatu Batuetan landaketak polinizatzeko. Bestalde, azken urteotan, zerbitzu horren prezioa igo egin da (1990eko hamarkadaren bukaeran, Kalifornian, almendra-ekoizleek 35 dolar ordaintzen zuten koloniako, eta 2005ean 75 dolar inguru). Zenbaki horiek garbi erakusten dute zer eragin duen erleen bidezko polinizazioak nekazaritzan eta ekonomian.
Ezohiko portaera
Barroa bizkarroia kalte handia egiten ari zaie Amerikako eta Europako erleei.
(Argazkia: S. Bauer/ARS)
Duela hilabete batzuetatik, ordea, hori guztia kolokan dago. Izan ere, erleak desagertzen ari dira. Lehen ere izan dira beherakadak erle-populazioan, hainbat arrazoiengatik: birusak, bakterioak edo bizkarroiak, estresa, poluzioa, lehiakideak... Azkenaldian, bi akaro bizkarroik eragin dute galerarik handiena Estatu Batuetan, barroak —Euskal Herrian ere kalte handia egiten ari da— eta Acarapis woodi izenekoak.
Alabaina, orain gertatzen ari den fenomenoak ez dauka aurrekoen antzik. Batetik, oso azkar eta kolonia askotan ari da gertatzen, eta, bestetik, batez ere, erleak ez direlako erlauntzera itzultzen ari da gertatzen galera, eta jokabide hori oso da arraroa erleetan. Izan ere, erleak intsektu sozialak dira erabat, ongi antolatutako kolonia indartsuak eratzen dituzte, eta ez dute erlauntza uzteko inolako joerarik.
Hortaz, hor dago gakoa: erle helduak bat-batean galtzen dira, arrastorik utzi gabe; hau da, ez da hildako erlerik agertzen. Erlauntzean, berriz, erle gazteak eta erregina geratzen dira; litekeena da erle helduen talde txiki bat ere egotea, baina ez dira nahikoa koloniari eusteko.
Fenomenoa ulertu nahian, erleei kalte egiten dieten ohiko eragileak aztertu dituzte zientzialariek, eta oraingo fenomenoarekin zerikusirik ote duten ikertu dute. Besteak beste, hauek dira aztertu dituzten faktoreak: bizkarroiak eta gaixotasun-eragileak, nutrizio eskasa, dibertsitate genetikoaren galera, estresa eta hondakin kimikoak edo poluitzaileak. Ikerketek, ordea, ez dute emaitza argigarririk eman.
Misterioa argitu nahian
Zientzialariak eta erlezainak elkarlanean ari dira misterioa lehenbailehen argitzeko.
(Argazkia: S. Bauer/ARS)
Ikerketa batzuek, hori bai, oihartzun handi samarra izan dute komunikabideetan, adibidez, Alemaniako Landau Unibertsitatean egin dutenak. Ikerketa horren arabera, telefono mugikorrak izango lirateke erleak desagertzearen errudunak. Nonbait, erlauntzetik hurbil telefono mugikor bat jarriz gero erleak ez direla erlauntzera itzultzen frogatu dute. Nolanahi ere, zientzialari gehienek ohartarazi dute oso ikerketa txikia izan dela, eta ez dute uste hori denik arrazoia, ez behintzat arrazoi bakarra.
Hala, ikertzaileek lanean jarraitzen dute, bai AEBn, bai Europan. Hain zuzen, Europan ere galtzen ari dira erlauntzak, eta batzuek AEBko fenomenoarekin lotzen dute gertaera hori.
Bi hipotesi nagusi daude Europan gertatzen ari den galera azaltzeko. Batetik, orain arte Europan agertu ez zen bizkarroi baten eraginez izan daiteke. Nosema ceranae izena du bizkarroiak, eta erleen immunitate-sistema ahultzen du. Ondorioz, barroaren eta birusen erasoen aurrean babesik gabe gelditzen dira erleak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia