}

Erdi Aroko biztanleen bizi-ohiturak argitzen

2011/02/26 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Aste batzuk dira historia eta botanika lotzen dituen albiste bat ezagutu dugula: Hondarribian, Iberiar penintsulako mizpira- eta irasagar-hazi zaharrenak aurkitu dituzte, beste hainbat fruitu-hondarren artean. Erdi Arokoak dira; datu eta erregistro historikoei dagokienez oso informazio gutxi dagoen garai batekoak, hain zuzen.

Haranak, gereziak, basaranak, melokotoiak, mahatsak, sagarrak, pikuak, olibak, kalabaza, hurrak, ezkurrak, intxaurrak, gaztainak, pinaziak, pago-ezkurrak, garia, garagarra, oloa, meloia edo pepinoa, eta, bereziki, mizpirak eta irasagarra. Fruitu horien guztien haziak eta hondarrak aurkitu dituzte Hondarribiako Panpinot kalean eta Olazabal lursailean. XIV. eta XVI. mendeen artekoak dira denak.

"Oso emaitza onak lortu ditugu indusketetan; Erdi Aroko elikadura ezagutzeko aukera eman digute, eta gure arbasoen bizi-ohiturak ezagutzeko", azaldu du Arkeolaneko Pia Alkainek. Irasagarraren eta mizpiraren aztarnak aurkitu izanari garrantzi handia eman diote, "orain arte ez baitzeuden erregistratuta espezie horiek Iberiar penintsulako erregistro arkeobotanikoan", dio Alkainek.

Iberiar penintsulan inoiz aurkitutako irasagar-hazi zaharrenak aurkitu dituzte Hondarribian, bai eta mizpira-hazi zaharrenak ere
Fresco Tours

Izan ere, ez da erraza fruituen hondarrek, eta, oro har, materia organikoa duten aztarnek, laurehun urtez irautea. "Normalean ez dira arkeologia-aztarnategietan agertzen, usteldu egiten baitira. Oso kondizio berezietan egon behar dute horretarako: oxigenorik gabe eta urez beteta egon behar dute; ingurune anaerobiko batean, alegia", adierazi du Alkainek. Eta kondizio horietan aurkitu zituzten Hondarribiako aztarnak. Hain zuzen, Panpinot kalekoa zabortegi bat zen, eta, Olazabal lursailekoa, berriz, putzu bat. Denboraren poderioz zertxobait belztuta aurkitu ditugu, baina, oro har, egoera onean zeuden hazi guztiak, gehitu du Alkainek.

Aztarnak aurkitzea bezain garrantzitsua da aurkitutako horiek kontserbatzea, eta ez hastea orain hondatzen eta usteltzen. Kontu handiz zaintzen dute arkeologoek gai hori. Lehenik, eta azterketa-fasea bukatu artean, "bero bidez itxitako eta urez betetako poltsetan gorde ditugu, hozkailuetan, tenperatura baxuetan", azaldu du Alkainek. Ondoren, hortik ateratakoan, kontserbazio-prozesu batetik pasarazten dituzte haziak. Prozesu horretan, lehenik, liofilizatu egiten dituzte; hau da, ura kentzen diete, eta, gero, erretxina sintetikoa sartzen zaie haziei, erretxinak uraren lekua har dezan. "Horrela lortzen da haziak uretatik kanpo eta tenperatura beroagoetan mantentzea", dio Alkainek. Oraingo haziekin ere horixe egingo dute, pixkanaka.

Indusketa-lanak Arkeolanek egin baditu ere, ez du azterketa-lan guztia bere gain hartu. Madrilgo aditu batzuk lagun izan dituzte, Zientzia Ikerketen Kontseilu Gorenekoak (CSIC). Besteak beste, bildutako haziak zer espezierenak diren zehazteko laguntza behar izan dute. Honela azaldu du Alkainek: "Hainbat hazi erraz ezagutu ditzake edonork, hala nola melokotoi- eta haran-haziak edo intxaurrak. Urez asetuta daude, eta beltzagoak dira, lur-azpian 400 urtez egon direlako, baina itxura bera dute. Guk ezagutzen ez ditugunak identifikatzeko bidali ditugu CSICera". Han arkeobotanikariak dira, eta landareen aztarna arkeologikoak identifikatzen espezializatuta daude. Erreferentziazko bildumak dituzte, eta haiekin alderatzen dituzte jasotzen dituzten laginak.

Garai ilun bateko ohiturak ezagutzeko urratsak

Hondarribiako Panpinot kalean eta Olazabal lursailean aurkitu dituzte haziak
Andy Roberts

Lortutako emaitza eta datuekin ikusi ahal izan dute, esate baterako, XIV.-XVI. mendeetan hango biztanleek baratza ustiatzen zutela, basoko jakiak biltzen zituztela (fruitu lehor gehienak basoan egongo ziren), eta nekazaritzan aritzen zirela. Hau da, "zer elikadura-mota zuten jakin dugu, eta nola aprobetxatzen zuten ingurua. Hori informazio asko da", zehaztu du Alkainek.

Izan ere, Erdi Aroa oso garai iluna da, "ez dago artxiboko daturik", dio Alkainek. Erromatarren garaiko datuak badaude, hazien ikerketak ere egin dira, eta abar. Baina gero tarte bat dago. "Badakigu Erdi Aroan jende asko zegoela, garai hartan hiri asko sortu baitziren, eta jendea nonbaitetik atera zen!", adierazi du Alkainek. Gipuzkoan, esate baterako, 25 hiri sortu ziren bi mendetan; Hondarribia bera 1203koa da.

Arkeolanek denbora-hutsune hori betetzeko asmoa du, eta pixkanaka egitea espero dute. Alkainen arabera, "Erromatarren garaiko ikerketak Erdi Aroko ikerketekin lotu nahi ditugu, erregistro jarraitua lortzeko. Antzinako liburua idazten ari gara, inongo artxiboetan idatzita ez dagoena".

Horretarako, ordea, indusketa gehiago behar dituzte, osatu nahian dabiltzan puzzlearen pieza gehiago aurkitzeko. Eta hirigune jakin batean indusketak egin ahal izateko, etxe edo eraikinen bat eraberritzeko proiektua atera arte itxaron behar izaten dute gehienetan. Izan ere, babestuta dauden hiriguneetan lanen bat egin aurretik, azterketa arkeologikoa egin behar da, derrigor. Beraz, ez dakite noiz jarraitu ahal izango duten bete gabeko historia-orrialdeak betetzen. Hala ere, "Babestuta dagoenez, hor geldituko da —dio Alkainek—, eta gure atzetik beste batzuk etorriko dira, teknologia hobearekin, eta lan horrekin jarraituko dute".

Ortzadar-en argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia