Epilepsiak neurona berrien sorkuntza murrizten du
2015/05/13 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Epilepsiak neurona berriak sortzea oztopatzen duela frogatu dute Achucarro neurozientzien ikerketarako euskal ikerketa-zentroko ikertzaileek. Saguetan ikusi dute, epilepsiak eragiten duen hiperaktibitate neuronalaren ondorioz, hipokanpoko zelula ama neuralek neurona berriak sortzeari uzten diotela. Cell Stem Cell aldizkarian argitaratu dute lana.
Ugaztun gehienen garunean hipokanpoko zelula ama neuralek neurona berriak sortzen jarraitzen dute, helduaroan ere. Neurona berri horiek garuneko neurona-sarearen parte bihurtzen dira, eta neurona-sarea berritzen eta aldatzen joateko gaitasun hori garrantzitsua da memoria-sorkuntzarako eta ikasketarako.
Baina, neuronez gain, zelula ama neuralek beste zelula mota batzuk ere sor ditzakete. Hain zuzen ere, Juan Manuel Encinas ikerketaren arduradunak nabarmendu duenez, “aurkikuntza honi esker, hobeto ezagutzen dugu zelula ama neuralen funtzionamendua. Neurona berriak eta astrozitoak sortzeaz gain, krisi epileptiko baten ondoren, hipokanpoko zelula ama neuralek astrozito erreaktiboak sor ditzaketela frogatu dugu”.
Horrek zelula ama neuralen populazioa agortzea eragiten du, eta, ondorioz, neurona berriak sortzeko gaitasuna galtzen da. Gainera, astrozito erreaktibo horiek hantura eragiten dute eta neuronen arteko komunikazioa asaldatzen dute.
Ikertzaileen ustez, aurkikuntza hau garrantzitsua izan liteke epilepsiaren aurkako terapia berriak bilatzeko. “Zelula ama neuralen populazioa mantentzea eta neurona berriak sortzeko duten gaitasuna babestea lortzen baldin badugu, beharbada, epilepsiari atxikitako zenbait sintomaren garapena prebenitu ahal izango litzateke, eta hipokanpoan gertatu ohi den kaltea arindu”, adierazi du Encinasek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia